Ezintasunak gaindituz

Oztopo guztien gainetik

Gorputzaren atal bat galdu duten pertsonek prozesu bikoitzari aurre egin behar diote: alde batetik, gorputz berria erabiltzen ikasi behar dute ostera ere, baina, beste aldetik, egoera berrira moldatzeko lan psikologikoa ere badago; bi-biak dira garrantzitsuak.

gotzon hermosilla
2013ko ekainaren 2a
14:35
Entzun

Pertsona guztiek dute norbere gorputzaren pertzepzioa. Zentzumen horri esker, buruak badaki gorputzaren atal bakoitza zein jarreratan dagoen, eta horrek oreka mantentzea, ibiltzea, mugitzea eta egoera bakoitzaren aurrean erantzun automatikoak garatzea ahalbidetzen du. Propiozepzioa deitzen zaio gaitasun horri.

Batzuetan, baina, gorputza aldatu egiten da, errotik aldatu ere. Istripu edo gaixotasun baten ondorioz gorputzaren atal bat galtzen denean gertatzen da hori. Eta, orduan, gorputz berria edo, hobeto esanda, lehenagotik ezaguna zen baina orain egoera berrian dagoen gorputz zahar hori berriro erabiltzen ikasi behar da. Aldaketa batzuk txikiak dira, eta gizakia segituan eta arazo handirik gabe ohituko da egoera berrira. Beste batzuetan, ordea, gorputza berriro erabiltzen ikastea prozesu luzea izango da.

Aditu guztiek nabarmentzen dute prozesua bikoitza dela: alde batetik, alderdi fisikoa dago, birgaitze fisikoa, gorputza berriro erabiltzen ikastea; beste aldetik, alderdi psikologikoa dago, hots, egoera berrira egokitu eta norbere gorputzean ostera ere eroso sentitzea. Biek dute garrantzia, eta, normalean, lotuta joan ohi dira.

Egoera berrira egokitu

Macu Duran Fekoor Ezgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazioko psikologoa da. Hamazazpi elkartek osatzen dute Federazioa, eta, beste zenbait zerbitzuren artean, laguntza psikologikoa ere eskaintzen diete bazkideei.

Duranek dioenez, norberaren gorputzaren pertzepzioa aldatu egiten da horrelako aldaketa handi bat suertatzen denean, eta, hortaz, egoera berrira moldatzeko beharra egoten da: "Gorputzak badu arlo neurologikoan berrabiarazteko gaitasuna, eta egoera berria zertan den antzematekoa. Beste kontu bat da hori psikologikoki nola barneratzen den, eta horrek zerikusi handiagoa du gorputzaren irudi berriaren barneratzearekin". Izan ere, pertsona guztiek dute beren buruaren irudi bat, eta, hori aldatzen denean, beharrezkoa da egokitze prozesu bat, irudi berria onartu ahal izateko.

Ezustean iritsitako gertaera baten aurrean, esaterako, lan edo auto istripu baten ondorioz gorputzaren atal bat galtzen denean, gizakiak estrategia batzuk jartzen ditu abian horri erantzun ahal izateko. "Baina gaitasun horien gertaeraren aurretikoak izaten dira", adierazi du Duranek, "eta gaitasun horiek, hau da, pertsona bakoitzak egoera berriari aurre egiteko dituen baliabideak aldatzen dira batetik bestera".

Horrelako gertaera batean, bizitzaren gainerako gertaerei egokitzeko pertsonak dituen mekanismoak aktibatu egiten dira, "izugarri aktibatu ere, larritasun handiko jazoera delako, hil ala bizikoa". Horregatik, prozesua pertsona bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da: "Baliabide zurrunagoak dituzten pertsonek zailtasun gehiago izango dute egoera berrira moldatzeko. Aldiz, aldaketak hobeto onartzen dituztenak, indarra egin ditzaketen gauzetan jartzen dutenak, hobeto moldatuko dira. Horrek zerikusia izango du bakoitzaren trebetasunekin, beldurrekin, lotsekin, besteekin erlazionatzeko gaitasunarekin eta abarrekin".

Fernando Dublang (Gernika, Bizkaia, 1974) medikua da, medikuntza fisikoan eta birgaitzean aditua. Dioenez, anputazio bat gertatzen denean gorputzaren pertzepzioa distortsionatu egiten da: "Funtzioaren galera dago, zentzumen galera, eta gorputzaren irudiaren aldaketa. Gorputzaren eskema, estatikoa zein dinamikoa, aldatu egiten da. Ondorioz, anputazioaren ostean gorputzaren kontzientziaren berrikasketa prozesu bat jarri behar da abian".

Anputazio guztiak ez dira istripu baten ondorio; gehienak, %85, minbizi, diabete edo bestelako gaixotasun baten ondorio izaten dira. Beheko gorputz adarren anputazioak goikoenak halako hamazortzi izaten dira.

Birgaitze prozesuak etapa batzuk izaten ditu, Dublangek dioenez. Halakorik egin daitekeenean, komenigarria da ebakuntza aurreko prestaketa lana egitea. Ebakuntzaren ostean, berriz, bi etapa daude: "Lehenengoa da protesia jarri aurrekoa, epaitondoak ezaugarri egokiak izan ditzan, jarrera egokiak hartzeko eta osasuntsu dagoen giharreria indartzeko".

Bigarren etapa da protesia jarri ostekoa: "Oso garrantzitsua da banan-banako tratamendua, pertsonaren adin, jarduera fisiko eta bestelako ezaugarrien araberakoa. Era berean, garrantzitsua da gaixoak autonomia eskuratzea protesia jarri eta jentzeko, garbitasun neurriak hartzeko eta abar". Hirugarren fasea ere egon daiteke, gaixoaren gizarteratze eta lan munduratzea errazteko.

Oso ohikoa da "gorputz adar fantasmaren sindromea" deritzona, hots, moztutako adarra oraindik egongo balitz bezala sentitzea: "Anputatuen %90ek izan ohi dute, batez ere faserik larrienean, baina gero desagertzeko joera izaten du. Zaila da esplikatzen, eta hainbat teoria daude horren inguruan. Normalean, ohikoagoa izaten da anputazioaren aurretik oinazea baldin badago".

Ordaintzea ibiltzeko

Aurelio Alzola (Lautada, Araba, 1958) auto batek harrapatu zuen bizikletan zihoanean, 14 urte zituela: "Oso prozesu geldoa izan zen, zailtasunez beteriko anputazioa izan zelako. Neurri handi batean birgaitze prozesua nire kasa egin nuen, garai hartan erietxeetan horrelakorik ez zegoelako: behin-behineko protesia jarri, proba batzuk egin, diagnostikoa egin eta etxera bidaltzen zintuzten".

Alzolak kontatu duenez, osasun sistema publikoak baditu hainbat gabezia arlo honi dagokionez: "Osakidetzak material ortoprotesikoaren katalogo bat ateratzen du, azken urteotan aldatu ez dena, eta han agertzen dira protesi guztiak, kode batekin batera, eta hori ordaintzeko Osakidetzak ematen duen diru kopuru batekin. Protesi hori hiru urtean ezin da berri batekin ordezkatu, kontuan hartu gabe beharbada adineko pertsona batek gutxi erabiliko duela protesia eta kirola egiten duen gazte batek, aldiz, askoz lehenago beharko duela protesi berria, zaharra lehenago higatuko duelako".

Baina, horrekin batera, osagarri batzuk ere jarri behar dira, "behar-beharrezkoak direnak. Ez dira apeta edo luxua. Nire kasuan, Osakidetzak 3.000 euro baino ez du ematen, baina horrekin nik behar dudan oina baino ez da ordaintzen. Gainerakoarekin, gastu osoa zazpi mila eurokoa izan daiteke. Normalean, Osakidetzak ematen duenarekin erdia ordaintzeko ere ez da iristen. Osasunaren ikuspegitik ez dauka logikarik".

Iñaki Castañeda (Haro, Espainia, 1951) kamioilaria zen, eta 1993ko ekainean istripua izan zuen, Lemoan (Bizkaia). "Nik hasieran ez nuen sinesten. Hanka bat errotik erauzi zitzaidan, eta hantxe ikusi nuen, baina oso azkar eraman ninduten ospitalean, eta gero, ebakuntzaren ostean, hanketan mina nuenez, pentsatzen nuen ezetz, nire begitazioak izan zirela eta hankak banituela. Jakina, maindireak altxatzeko moduan zaudenean eta hanka bat ez ezik biak galdu dituzula ikusten duzunean, mundua gainera erortzen zaizu".

Burura etorri zitzaion lehenengo ideia izan zen horrela ezin zela bizi. Baina hasierako burutazioa baino ez zen izan: "Medikuek esandakoaren arabera, nire erreakzioa azkarra eta positiboa izan zen. Argi ikusi nuen negarretan hasteak ez zeukala zentzurik, osterantzean euliek jango nindutelako. Positiboa izan beharra zegoen, eta aurrera egin, kosta ahala kosta. Hasieran pentsatzen duzu ezin duzula ezer egin; gero konturatzen zara ia-ia gauza berdinak egin ditzakezula, baina beste era batera".

Horretan, oso lagungarri suertatu zitzaion kirolzaletasuna, lehenagotik ere bazuena: "Ni ohituta nengoen kirola egiten, nahiko kirol gogorrak gainera, eta uste dut kirolaren ezaugarri diren norbere burua gainditzeko grina eta sufritzen ikastea oso baliagarri izan zitzaizkidala".

Atletismo, eski, igeriketa, txirrindularitza eta triatloian aritu da Castañeda, hainbat proba eta lehiaketatan, oso emaitza onak eskuratuta. Baina ondo daki ezintasunen bat duten guztiek ez daukatela eliteko kirolari bilakatzeko modurik. Hala ere, biziki gomendatzen die guztiei kirolean aritzea. "Pertsona batzuei asko kostatzen zaie egoera berrira egokitzea, urteak ere bai. Eta komeni da egokitzapena azkar egitea: bihar, etzi baino hobeto. Horretan, kirolean aritzea oso lagungarria da".

Castañedak duela pare bat urte erabaki zuen lehiaketetatik erretiratzea, baina, oraindik ere, kirolaren grina odolean darama, eta segitzen du noizean behin ibilaldiak egiten. Epe erdira, badu egitasmo bat, iaz egin asmo zuena eta, azkenean, gauzatu barik gelditu zena: Ameriketako Estatu Batuak alderik alde zeharkatzea, Route 66 errepide mitikoan barrena: "Barruan daramadan arantzatxoa da, eta datorren urtean egitea gustatuko litzaidake. Lagun egokia topatzea da gakoa. Beraz, norbaitek hau irakurtzen badu eta etorri nahi badu, nirekin kontaktuan jartzea baino ez dauka".

Gorputzaren atal bat galdu edo bestelako ezintasunen bati aurre egin behar diotenei "positiboak izateko" aholkatzen die Castañedak: "Mundua ez da erortzen, eta aurrera egin behar da. Eta, gainerakoei ere, esango nieke ez pentsatzeko kontu honek ez daukala haiekin zerikusirik. Nirekin ere ez zeukan zerikusirik, istripua izan nuen arte. Gurpil aulkien zerrenda ez dago itxita; edonori gertatu ahal zaio istripu bat, eta, beraz, denon arazoa da".

Mikel Granados (Gasteiz, 1986) teknikari ortoprotesista da. Dioenez, teknologiak aurrerapen nabarmenak egin ditu azken urteotan. Hala ere, Osakidetzak protesiak ordaintzeko ezarritako diru kopuruekin "gauza gutxi" egin daitekeela dio: "Lan istripuen kasuan, mutualitate pribatu batek ordaintzen badu, desberdina da, baina, bestela, Osakidetzak ematen duen diru kopurutik aurrerako hobekuntza guztiak norberak ordaindu behar ditu. Eta pertsona gazte baten kasuan, hobekuntza horiek ez dira benetan hobekuntzak, bizimodu normala eramateko behar duena baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.