Berriz epaituko dute Pablo Ibar. Otsailean baliogabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak Ibarren heriotza zigorra. Fiskaltzak baliogabetzearen kontrako helegitea jarri zuen, baina Auzitegi Gorenak ez du helegite hori onartu. Beraz, hasieratik hasi beharko dute Pablo Ibarren kontrako epaiketa. Orain, hamabost eguneko epean, heriotzaren korridoretik atera eta espetxe arrunt batera eraman beharko dute.
Ibarren heriotza zigorraren kontrako elkarteko bozeramaile Andres Krakenbergerrek jakinarazi die albistea berri agentziei, Benjamin Waxman abokatuak helegitea baztertzearen berri jaso ostean.
1994an klub baten jabea eta bertan lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzita zigortu zuten Ibar heriotzara. Orain, zigor hori baliogabetuta, berriz epaitu beharko dute, akusazio berberekin. Ibarrek 22 urte daramatza preso; horietako hamabost heriotzaren korridorean, eta beti aldarrikatu du errugabea dela.
Gorenak zigorra bertan behera uzterako argudiatu zuen zigorra ezarri zioteneko epaiketan "urratu" egin zirela Ibarren eskubideak. Gainera, zigorra argudio ahulekin ipini zitzaiola: nabarmendu zuen ez dagoela hatz markarik, DNA laginik eta irudirik hura erruduna dela erakusteko.