Torturaren kontrako eguna

Paco Etxeberria: “Erraza da urrutiko kasuez hitz egitea, baina hemengoez hitz eginda alarma gorria pizten da”

Aztungal kanpainaren barruan antolatutako mahai inguruan hitza hartu dute Lorea Bilbaok, Paco Etxeberriak eta Jorge Del Curak. Espainiako estatuan tortura ez dela ikertzen salatu dute, eta torturari aurre egiteko neurriak aztertu dituzte.

2016ko otsailaren 13a
10:54
Entzun

Ikusmina piztu du gaur goizean Iruñean antolatutako mahai inguruak. Lepo bete da Kondestable jauregiko aretoa, Lorea Bilbao TATeko abokatuaren, Paco Etxeberria auzi mediku eta antropologoaren eta Jorge del Cura Torturaren prebentzio eta salaketarako koordinadorako kidearen hitzak entzuteko. Euskal Herriko eta Espainiako tortura kasuak izan dituzte hizpide, eta fenomenoari aurre egiteko neurriak aztertu dituzte. Aztnugal kanpainak antolatu du solasaldia, eta Iker Moreno auzipetuak egin ditu aurkezle lanak.

Bertaratutakoen aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza planaren barruan tortura ikertu eta dokumentatzeko egiten ari diren lana aurkeztu du Paco Etxeberria auzi medikuak. Azaldu duenez, Istanbulgo protokoloari jarraiki 45 tortura kasu zehatz aztertu dituzte honezkero, eta ekainerako 245 izango direla aurreratu du: “Agian gutxi dirudi, baina gertatu dena jakiteko nahikoa da”. Kasuak ikertu eta salatzeko zailtasuna salatu du, halaber, Etxeberriak: “Erraza da urrutiko kasuez hitz egitea, baina hemengoez hitz eginda alarma gorria pizten da”. Tortura egitate frogatua dela esan ondoren, torturatu orok egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak dituela nabarmendu du Etxeberriak. Hain zuzen ere, egia jakiteko bidean kokatu du haren taldearen lana: “Informazioa jasotzea dagokigu, egiari ekarpena egiteko”.

Lorea Bilbaok tortura kasuak direla eta Espainiako Estatuak jasotako zigorrak izan ditu hizpide. Jakinarazi duenez, Estrasburgoko Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu du Espainia, baina horietako batean bakarrik —Mikel Iribarren iruindarraren kasuan— zigortu da tortura praktika bera; gainerakoetan salaketak ez ikertzeagatik izan da zigorra. Zentzu horretan, pozik agertu da, aurki lau guardia zibil epaituko dituztelako, 2010ean Ekinen aurkako operazio baten barruan Sandra Barrenetxea torturatu izana leporatuta. Era berean, eta Estrasburgoko azken sententziak nabarmenduta, bide hori jorratzera deitu ditu Bilbaok tortura salaketak egin dituzten herritarrak: “Bidea egitea oso zaila izan da, baina behin atea irekita, bide hori jorratzen jarraitu beharra dago”.

Del Curak, azkenik, bere taldearen lana azaldu eta Espainiako Estatuak tortura ikertzeko jartzen dituen trabak salatu ditu, Madrilek nazioartetik egiten zaizkion gomendioak betetzen ez dituelakoan. Zentzu horretan, “oinarrizko arazoa torturarekin bukatzeko borondate politiko falta” dela nabarmendu du. Hala, gizartean jarri du jomuga: “Torturarekin ez du estatuak bukatuko, gizarte zibilak baizik. Garrantzitsua da atzerapausurik ez ematea”.

35 urtera, tortura desagertzeke

Aztugal batetik, eta “oso gogorra izan da” bestetik. Euskal Herrian torturari erabat lotutako esaldiak dira. Inkomunikaziotik atera eta torturen ondorioz hil aurretik Arregik egindako hitzak dira “oso gogorra izan da”. Aztnugal, berriz, Jon Patxi Arratibelek idatzi zuen atxilotuta eta inkomunikatuta zeukatela sinatu arazi zioten paperean.

Otsailaren 13a zen Arregi hil zen egunean, eta orduaz geroztik pasatu diren otsailaren 13 guztiak, torturaren kontrako egunak dira, gaurkoa bezalaxe.

Tortura salatzeko hainbat deialdi egin dituzte Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Sortuk jakinarazi du “ordezkaritza zabala” egongo dela egun horren harira herrietan antolatutako ekinaldietan, “legedi antiterrorista eta inkomunikazioa amaitzeko beharra” aldarrikatzeko. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak hiru elkarretaratze deitu ditu: Tolosan (Gipuzkoa), Gasteizen eta Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.