Jaso duen elkartasunarekin eskertuta agertu da Jose Antonio Pagola apaiza, Gipuzkoako bikario nagusi ohia, zenbait komunikabidetara bidali duen idatzian. Zehazki, eskerrak eman dizkie babesa agertu dioten 250 apaizei, eta horiek guztiek Vatikano II.a kontzilioak aldarrikatutako balioen alde lan handia egin dutela azpimarratu du.
Hain zuzen ere, Elizak Vatikano II.ean oinarrituta egin behar duela aurrera iritzi dio, hau da,"berritzekuntza sakonean eta ekintza ebanjelizatzailean". Pagolaren arabera, inoizko aldaketarik handienetakoa behar du egun Eliza Katolikoak: "Egin dugun bideari esker, gaur egun jabe gaitezke aurrekaririk gabeko aldaketa soziokulturala gertatzen ari den une honetan Elizak aurrekaririk gabeko aldaketa behar duela". Aldaketa horren ardatza "Jesusengana itzultzea" dela zehaztu du Pagolak, "indarrak batu behar dira oinarrizkora itzultzeko, Jesusek bizi eta kutsatutako hartara".
Pagolaren inguruan eztabaida izan da azken asteetan berak idatzitako Jesus, hurbilpen historikoa liburuaren harira. Izan ere, hierarkia katolikoak liburua erretiratzeko agindu zuen han jasotzen zen Jesusen ikuspegiarekin ados ez zegoelako. Arestian aipatu bezala, Gipuzkoako 250 apaizek babesa agertu zioten joan den astean Pagolari idatzi baten bidez.
Gizartea
Pagola: "Aurrekaririk gabeko aldaketa behar du Elizak"
Aldaketa horren funtsa "Jesusengana itzultzea" dela zehaztu du. Abade eta teologoak eskerrak eman dizkie 'Jesus, hurbilpen historikoa' bere liburuaren inguruan piztu den liskarra dela-eta babesa eman dioten Gipuzkoako 250 apaizei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu