hezkuntza

PAI eredua aztertu eta zuzenketak datorren ikasturtean egingo direla azaldu du Mendozak

Ikasturte honetan ingelesa ikasteko programa mantenduko duten arren, hezkuntza ereduen ebaluazioa eginen du Hezkuntza departamentuak, etorkizunean «hizkuntzen trataera bateratu bat» eskaini ahal izateko.

Mendoza Hezkuntza kontseilaria, gaurko agerraldian. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2015eko irailaren 4a
10:49
Entzun

PAI Ingelesa Ikasteko Programaren kontra gogor mintzatu da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza, ikasturte berriaren aurkezpenean. Haren ustez, UPNren gobernuak ez zuen egitasmo hura ezarri irizpide pedagogikoei erantzunez, helburu politiko jakin batekin baizik: "Yolanda Barcinak berak aitortu zuen euskara zokoratzeko ezarri zutela PAI, trukean, zenbait ikastetxeri ingelesa eskainiz".

Mendozaren irudiko, "gabezia nabarmenak" ditu ingelesa ikasteko programak, eta horiek zuzentzeko asmoa agertu du. "Korrika eta presaka onartu zen, eta ondorioz, ez du oinarri teorikorik, ezta hezkuntza printzipiorik ere". Irizpide falta hori dela eta, ikastetxe bakoitzak "ahal izan duen bezala" garatu du PAI eredua, eta aplikatzeko manera hori izanen da datozen hilabeteetan aztertuko dutena, hurrengo ikasturteetan aldatzeko.

Momentuz, ordea, ingelesa ikasteko programa ez da desagertuko. Ikasturte osoa planifikatuta, hipoteka astuna utzi zien Barcinaren gobernuak bere ondorengoei. "Ikasturte honi begira jada ezin da ezer egin, aurreko gobernuak planifikatua utzi zuelako dena [iaz baino 17 ikastetxe gehiagotara zabalduko da]; hortaz, azterketa lana egitera mugatuko gara, beharrezkoak diren zuzenketak datozen ikasturteetan aplikatzen hasteko", azaldu du Mendozak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.