Protesta

Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioetara deitu dute biharko

Hegoaldeko hiriburuetan biltzera deitu dute biharko, 1948ko Nakba edo hondamendiaren urteurrenean. Azken egunetako indarkeria salatuko dute.

Nakhbaren harira 2018an Baionan eginiko elkarretaratzea. ISABELLE MIQUELESTORENA
2021eko maiatzaren 14a
13:50
Entzun

EHko Palestinarekin Elkartasun Mugimenduak hainbat mobilizazio antolatu ditu biharko, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Palestinarrek Nakba deitzen duten 1948ko hondamendiaren 73. urteurrena gogoratu nahi dute, baina, besteak beste, azken egunetako erasoak salatuko dituzte.

Mugimenduak bidalitako prentsa oharrean, «palestinarren aurkako garbiketa etniko eta apartheideko» epe gisa deskribatzen dituzte azken 73 urteak. Adierazi dutenez, biharko egunez 1948an, Israelgo Estatua deklaratu zenean, 500 herri palestinar baino gehiago «suntsitu zituzten, mapatik desagerrarazita». 800.000 pertsona baino gehiago kanporatu zituzten orduan. Gaur, bost milioi palestinar baino gehiago bizi dira erbestean.

Antolatzaileek orduko hura azken egunotako gertaerekin lotu dute. «Egunotan ikusten ari gara garbiketa etniko horrek gaur egun ere jarraitzen duela». Gogora ekarri dituzte Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzoan etxegabetu nahi dituzten 28 familia palestinar. Horien auziak piztu du azken egunotako indarkeria. Adierazi dute Israelgo armadak ehun pertsona baino gehiago hil dituela azken egunotan, hogei haur tartean. Horregatik guztiagatik, hurrengo larunbatean euskal gizartea Palestinari elkartasuna adieraztera deitu dute.

Eguerdian egingo dituzte elkarretaratzeak Bilbon (Arriagan), Donostian (Bulebarrean) eta Iruñean (Udaletxe plazan). Gasteizko deialdia 17:00etarako da, Bilbo plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.