Alberto Contadorrek (Pinto, Espainia; 1982) gaur arte Frantziako hiru Tour, Italiako bi Giro eta Espainiako Vuelta bat zituen bere palmaresean, baina TASek gaur 2010eko Tourra eta iazko Giroa kendu dizkio positiboagatik.
Hiru itzuli handiak eskuratzen historiako bosgarren txirrindularia izan zen. Aurretik, Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinaultek lortu izan zuten balentria.
Euskal Herriko Itzulia bi aldiz irabazi izan du: 2008an eta 2009an.
Afizionatu garaian, 2001ean, Euskal Herrian bizi izan zen Contador, Azpeitian, Iberdrola taldearekin korritzen zuelako. 2003tik da txirrindulari profesionala; ONCE-Eroskirekin egin zuen debuta.
2004an, Liberty Segurosen zegoela, Asturiasko Itzulian parte hartzen ari zela burmuinean kabernoma gaitza eduki zuen, eta urtebeteko osatzea behar izan zuen. 2006an itzuli zen korritzera, talde berarekin, eta bere izena Puerto dopin auzian ageri zen, baina ez inplikatu bezala; auzitegietara lekuko moduan joan zen eta kito. Hala ere, Liberty Seguros 2006ko Frantziako Tourretik kanpo geratu zen. 2007an Discovery Channel taldean aritu zen, 2008tik Astanan, eta 2011tik Saxo Bank-en da.