KOMUNIKAZIO POLITIKA

Pandemia garaiko komunikazio politika hizpide izan dute sektoreko hainbat profesionalek

Arantxa Iraola, Ibai Fernandez, Elixabete Garmendia eta Txema Ramirez de la Piscina mahainguru batean elkartu dira, koronabirusak komunikazio politikan izan duen eragina aztertzeko. Zuzenean emititu du BERRIAk, eta orain solasaldi osoa ikusgai dago.

jone arruabarrena
2021eko ekainaren 17a
16:52
Entzun

Izurriaren hasieratik, pandemiak sortu duen egoera komunikatiboa guztiz ezezaguna izan da komunikazioaren arloko profesionalentzat. Argi, zehatz eta labur komunikatzea oso lan zaila bilakatu da, egoera oso nahasia eta aldakorra baita. Baina hala ere, ezin garrantzitsuagoa da gobernuek, osasun agintariek eta hedabideek informazio zehatza ematea herritarren izua eta kaos sentsazioa saihesteko eta konfiantza transmititzeko.

Hori eta beste asko izan dira komunikazio politikaren eremuan gaitzak ekarri dituen erronkak, eta guztien inguruan hitz egin dute gaur Arantxa Iraola, Ibai Fernandez, Elixabete Garmendia eta Txema Ramirez de la Piscinak, berria.eus webgunean zuzenean emititu den solasaldian. COVID-19aren Liburu Zuria egiteko osatu zen batzordeak egin du solasaldia antolatzeko proposamena.

Edurne Begiristain kazetaria ibili da moderatzaile lanetan, eta hainbat galdera egin dizkie parte hartzaileei: Nolakoa izan da pandemia garaiko komunikazio politika? Zer egin da ongi? Zer gaizki? Nola hobetu liteke?. Horiei erantzun eta beste zenbait gairi ere heldu diete mahai inguruan.

Errinozeronte zuria

Ramirez de la Piscinak errinozeronte zuriaren metafora azalduz hasi du solasaldia: «Adituek esana ziguten horrelako pandemia bat etor zitekeela, baina bertan egon arte ez gara ohartu benetan ekarri dituen ondorioez». Gainera, azpimarratu du «oso zaila» dela pandemiak ekarritako egoera aldakorrean modu egokian komunikatzea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak komunikabideen lana «bideratzeko» egin dituen ahaleginez ere ohartarazi du Ramirez de la Piscinak: «Datuak ezkutatzeko joera egon da, eta informazio nahasi eta kontrajarriak eman dituzte». Gazteriak jasan duen kriminalizazioa ere azaleratu du, eta euskara ere izan du hizpide: «Euskara periferikoa izan da Eusko Jaurlaritzaren aldetik, batez ere hasierako hilabeteetan».

Ibai Fernandez Diario de Noticias hedabideko kazetariak, berriz, pandemiak komunikazio arloan ekarri dituen irakaspenak bildu ditu. Komunikazioak pandemian izan duen garrantzia azaleratu du, eta adierazi du «mezu sinple bat» gizarteratzeko beharra izan dela: «Zarata ikaragarria egon da panorama politikoan birusaren inguruan. Gobernuak aho bakar bat izan beharko luke». Horrez gain, instituzioek komunikabideei informazioa eman beharko liekeela azaldu du, eta egoera «ondo eta sakon» azaldu.

Elixabete Garmendiak eta Arantxa Iraolak, berriz, Euskal Herriaren banaketa administratiboa «nabarmen handiagotu» dela salatu dute. Eta Iraolak azaldu du lurraldea administratiboki banatuta egoteak «zailtasunak» ekarri dizkiela kazetariei, pandemiaren inguruan informatzerako orduan. Era berean, nabarmendu du laguntza handia jaso dutela zientzia arloko profesionalen aldetik, eta komunikabide ezberdinetako erredakzioen arteko zubiak «indartu» direla ere adierazi du.

Garmendiak, gainera, kritika egin dio EITBk pandemiari eman dion trataerari ere: «Kontsumoa bultzatu da etengabe, osasun egoera txarra izan arren, eta kontraesanezko ideiak helarazi dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.