Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu du pandemiaren aurkako lege egitasmoa. EAJk eta PSEk aurkeztu dute lege proposamena, eta haien aldeko botoekin egingo du aurrera tramitazioak, premiazko bidetik. Gaurko osoko bilkuran, oposizioko talde bakar batek ere ez du babestu ekinbidea. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin dira, eta PP-C's-ek eta Voxek aurkako botoa eman dute.
EAJk eta PSEk gaurko saioan esan dute lege proposamena tresna beharrezkoa dela pandemiari aurre egiteko, eta adostasuna lortzeko prest agertu dira. EAJko Luis Javier Telleriak adierazi du legearen bitartez Eusko Jaurlaritzak «babes juridikoa» izango duela osasunaren eta askatasunen arteko oreka kudeatzeko. PSEko Ekain Ricok gaineratu du pandemiaren aurka borrokatzeko «segurtasun juridikoa» bilatzen duela arauak, eta talde proposatzaileak prest daudela oposizioaren ekarpenak aintzat hartzeko, legea hobetzeko baldin bada.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, ostera, abstentziora jo dute: ez dute bat egiten legearen edukiarekin, baina prest agertu dira ikuspuntu kritiko eta eraikitzaile batetik hura hobetzeko. EH Bilduko Maddalen Iriartek gobernua sostengatzen duten taldeei egotzi die elkarlanerako marko adostu eta iraunkor bat egiteko borondaterik ez izatea. Gainera, salatu du legea «eskasa» dela politikoki, juridikoki eta osasun ikuspuntu batetik, zigorrak arautzera zuzenduta dagoelako eta «Madrilen menpekoa» delako. Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik ere salatu du legeak zigorren atala luze jasotzen duela, baina, aldiz, arazo batzuei aurre egiteko «adabakiak» jartzen dituela.
PP-C's-ek eta Voxek kritikatu egin dute legea EAJk eta PSEk aurkeztu izana Jaurlaritzak aurkeztu beharrean, «txosten juridikoak egin behar izatea saihesteko». PPko Luis Gordillok egitasmoa atzera botatzeko eskatu die talde proposatzaileei, eta Voxeko Amaia Martinezek ohartarazi du legea onartzen bada Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko diotela.
Lege proposamena aintzat hartuta, orain ekarpenak egiteko epea zabalduko da Eusko Legebiltzarrean, eta gobernuko bazkideen asmoa da ekainaren 24rako legea onartua egotea.