Ebazpen baten zain. Hamaika hilabete daramatza Pannagh kalamuaren aldeko elkarteak geldirik, marihuana saldu eta banatu gabe. Arabako Lurralde Auzitegiak elkartea legezkoa dela azaldu berri du; aurrez atzemandako kalamua itzuli dieten arren, elkarteko kideek ezin dute ezertarako erabili, Bilboko Instrukzio Epaitegiak hori erabaki arte behintzat.
Arabako auzitegiaren ebazpenaren inguruan baikor azaldu da Pannagh elkarteko presidentea Martin Barriuso, baina «babesik gabe» sentitzen direla nabarmendu du. «Zentzugabekeria» iruditzen zaio lau epaitegik euren jarduera legaltzat jotzea eta beste epaitegi baten erabakiaren zain dauden bitartean geldirik egon behar izatea.
Iaz bi lapurreta eta beste lapurreta ahalegin bat jasan zituen elkarteak. Lehenengo bietan Ertzaintzarengana jo zuten, eta ez zituzten inputatu. Marihuanaren inguruko txosten bat aurkezteko eskatu zieten soilik. «Beraz, inplizituki onartzen da marihuana hori gurea dela, legezkoa dela, eta edukitzeko eskubidea dugula».
Lapurreta ahaleginaren ondoren ere Ertzaintzarengana jo zuten, baina, kasu honetan fiskaltzak inputatzeko eskatu zuen, eta, azkenean, Amurrioko Instrukzio Epaitegiak horixe egin zuen. Marihuana lehortzeko eta gordetzeko baimena eman zien; gero, pare bat hilabeteren ostean, eskatu eta, pisatuta, kalamua itzuli egin zieten.
Lehenengo auzialdian fiskaltzak helegitea aurkeztu ondoren,Arabako Lurralde Auzitegiak hartu du erabakia. Hark azaldu du elkartearen lana legezkoa dela Zigor Kodearen ikuspuntutik; berretsi du lanean has daitezkeela berriro, eta marihuana itzuli die, gainera. Baina orain Bilboko Instrukzio Epaitegiaren esku dago erabakia, eta bitartean geldirik daude.
«Elkarteko langileak langabezian geratu dira, eta gure erosleek merkatu beltzera jo behar izan dute. Funtzionamendu minimorik gabe, lana bertan behera geratuko da, eta galdu egingo da. Pikutara doa urtetako lana», azaldu du Barriusok.
Erabakiaren zain egoteak eragin gehiago ere izan ditu, Barriusok azaldu duenez. «Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin zorrak ditugu, eta epailearen aginduz, ezin dugu ordaindu ».
Epai honekin salaketak amaitzeko esperantza du Barriusok: «Ea fiskaltza noiz ohartzen den errealitate sozial eta juridikoa aldatu egin dela, eta ezin dela akusazioa behin eta berriro aurkeztu, gastu publikoa eragiten duelako eta ez duelako ezer lortzen».
Denda bat itxi dute
Bilboko udaltzainek Green Power denda itxi zuten atzo. Berri agentzien arabera, marihuanarekin lotutako produktuak saltzen zituzten bertan.
Pannagh elkarteari itzuli dio marihuana auzitegiak
Atzemandako kalamua eskuetan dute, baina beste auzitegi baten baimena behar dute banatu edo saltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu