Greziakoak piztu zituen alarmak. Baina aurretik ere izan ziren gehiago. Ez agian horren nabarmenak; bai, ordea, larriak. Krisiak guraizeak zorroztu ditu hura sufritzen duten herrialdeetan, baina zer eta zenbat moztu beste batzuek erabakitzen dute. Eta eskumen hori dutenek telebista publikoa ez dela beharrezkoa ebatzi dute. Zertarako ordainduko ditugu, bada, horrenbeste milioi ikus-entzulerik ez duen eta erabat manipulatua dagoen telebista kate bati eusteko, erietxe eta eskoletan murrizketak egiten ari bagara? Zein erabilgarritasun du kate publiko batek, beste dozenaka pribatuk gauza bera eskaintzen badute eta Internet edonoren esku badago?
Gertukoena, eta ziurrenik lehenengoetakoa, Frantziakoa izan zen. Iaz, François Hollanderen gobernuak tokiko hamahiru telebista kate publikoren emisioa hiru astez etetea erabaki zuen. Kaltetuen artean zegoen FR3ko France Euskal Herri albistegia, telebista publikoan euskaraz dagoen bakarra.
Neurriak ez dirudi larria, lehen begiratuan behintzat. Baina kontuan izan behar da ikusleek berehala aldatzen dituztela ohiturak, eta hiru aste kate bat ahazteko denbota tarte nahikoa dela. Allande Boutin kazetariaren ustez, hurrengo pausoa zatekeen katea erabat ixtea, ikusleak eskas dituela argudiatuta. "Tokiko telebista ezabatzeko asmo bat egon daiteke atzean". Azken urtean, herritarren sostenguari esker, nabarmen egin du hobera haien egoerak; aurten ez dute behartutako oporrik hartu behar izan, baina arriskua ez da desagertu.
Herrialde gehiagotan ere jo dute kate publikoei finantzaketa murriztera, Italian eta Alemanian kasurako —biek ala biek langile ugari kaleratu dituzte—. Baina gaur arte inor ez da ausartu Atenasek hasitako bideari jarraitzera, alegia, estatuko telebista kate publiko bakarra ixtera.
Seinalerik gabe
Antonis Samaras Greziako lehen ministroa ez da bere erabakiak eztabaidatu zalea. Nahiago ditu dekretuzko neurriak, parlamentuaren onespenik behar ez dutenak. Hori bera egin zuen ERT Greziako telebista publikoarekin ere. Joan den ekainean, legebiltzarrak kate publikoan egin beharreko erreformei buruzko eztabaidaren zain egon ordez, hilaren 11n, arratsaldeko 17:45ean Greziako Gobernuak iragarri zuen gauerdian behin betiko etengo zela ERTren emisioa, eta bertako 2.600dik gora langileak langabezian geratuko zirela. Arrazoia, Europak agindutako austeritate plana betetzen ari zirela frogatzea, eta, horretarako, zer hoberena? "Telebista pribatuek baino zazpi aldiz kostu handiagoa" zuen katea izaltzea.
Erabakiak, legebiltzarraren babesik gabe hartua zenez, kritika zaparrada eragin zuen, baina hainbat asteren buruan atertua zen erauntsia. Hasieran ERTko kazetariei sostengua agertu zieten Europako instituzio eta buruzagiak beste gatazka bati begira zeuden ordurako. Aldiz, kazetariek espero gabeko babesa jaso zuten herritarrengandik. Egun gutxiren buruan, inoizko ikusle kopuru altuena lortu zuen ERTk, eta gobernuak baliabideak ukatu zizkienean ere, herritarrak bilakatu ziren berriemaile euren telefono eta bideokameren bidez eguneroko gertakariei buruzko informazio eta bideoak bidaliz.
Izan zen, baita ere, hasieratik Samarasen neurrien alde agertu zenik, bai politikarien artean, baita komunikabideetan ere. Hain zuzen, boterearen bozeramaile izatea egozten zioten ERTri, eta baten edo bestearen lagun izateagatik aukeratuak izana bertako langileei. Nor da, baina, kudeaketa txar horren erantzulea? Kazetariek, itxieraren berri jakin ostean plazaratutako komunikatuan, argi utzi zuten euren iritzia: "Orain bere burua gardentasunaren ikurtzat duen gobernu horrek berak ERTren goizeko magazina eteteko agindu zuen, hizlariek Barne ministro Nikos Dendrias kritikatu zutelako —urrian hainbat manifestarik torturatuak izan zirela salatu zuten, baina Poliziak ukatu egin zuen—. Bide beretik, ERTko zuzendari Emilios Liatsosek erabaki zuen Paraskinio egunkariaren urteurrena garrantzitsuagoa zela iritzi publikoarentzat, tortura salaketak baino".
Telebista itxi osteko egun eta asteetan Internet bidez lanean jarraitu zuten ERTko kazetariek, eta eurek aitortu zuten moduan, lehen aldiz, aske izan ziren euren lana egiteko. "Agerraldi bat egin behar nuen aldiro gogorarazten zidaten arduradunek ezin nuela zorraren berrantolaketaz hitz egin", adierazi zuen Yiannis Varoufakis ekonomialariak. Baina Atenasen eta telebista publikoak dituzten gobernu guztien argudioa da eurak direla kate horiek diruz sostengatzen dituztenak eta, beraz, edukien gaineko azken hitza dutenak. Edo ez?
"Egia da telebista publikoen finantzaketa estatuaren esku dagoela. Baina ez dugu ahaztu behar estatua eta gobernua ez direla gauza bera. Herritarrek osatzen dute estatua; ondorioz, gobernuak, herritar horiek berak aukeratua izan arren, ezin du denon zerbitzurako lan egiten duen instituzio bat itxi, ez eta hura nahierara kudeatu ere", dio Boutinek.
Estatuaren dirua
Europako estatu guztiek dute kate publikoren bat; bakarra batzuek, bi, hiru edo lau besteek. Arrazoia, telebistaren lehen urteetan beharrezkotzat jo zela herritar guztiengana helduko zen eta aniztasuna bermatuko zuen kate bat izatea. Urteak igaro dira geroztik, eta egun dozenaka kate orokor eta espezializatu jaio dira, eta kate komertzial horiek nabarmen handitu dute bere ahalmena. Egunetik egunera, gehiago dira argudiatzen dutenak haien esku utzi beharko liratekeela gaur arte kate publikoarenak izan diren funtzioak, era horretan estatuaren gastua murriztuz. Baina zilegi al da zerbitzu publiko bat enpresa pribatuen esku uztea, arrazoi ekonomikoen aitzakian?
Gatazka edo krisi egoera batean alde guztien iritzia jasotzea litzateke telebista publikoaren lana, Boutinen ustez. "Kate pribatu batean hori ezinezkoa da. Adibidez, kate bat enpresa jakin baten esku dagoenean, eta enpresa horretan lan gatazka bat lehertzen denean, ziurrenik kate horretan ez dute aipatu ere egingo gatazka hori, eta egiten badute, enpresaburuen ikuspegitik egingo dute, inoiz ez langileenetik. Begirada interesatu hori saihestea da kate publikoen lana". Baina betetzen al da asmo hori?
"Frantzian, esaterako, kate publikoetako zuzendaritza ez da gobernuarekin batera aldatzen, eta arduradun berriak aukeratzeko lana ez da batzorde bakar baten esku geratzen. Era horretan, aniztasuna bermatzen da". Dena den, honek guztiak ez ditu salaketak gutxitzen: "Gauza bitxia gertatzen da irrati eta telebista publikoetan lan egiten dugun kazetariokin. Nikolas Sarkozy agintean zegoenean, sindikatuen eta ezkerreko mugimenduen alde egotea leporatzen ziguten; eta, orain, aldiz, oposizioaren zerbitzura aritzea egozten digute. Baina hori ez da gauza txarra, ondo ari garen seinale baizik".
Bozeramaile huts
Grezia eta Frantziakoak ez dira kasu bakanak; behin baino gehiagotan, arrazoiarekin edo gabe, boterearen bozeramaile lanak egitea leporatu izan zaio telebista publikoari. Maiz, hainbat urtez oposizioan egon ostean gobernura iritsi berri den alderdiak egin izan du, gainera, salaketa; zertarako eta bere gertuko arduradunak izendatu ahal izateko. Horixe bera egin zuten Greziako agintariek, legealdiz legealdi, egun ERTko langileek eurek aitortzen duten moduan, adierazpen askatasuna ia erabat desagerrarazi arte. Bide batez, gainera, eurek sortutako krisia erabili zuten uda hasieran katea ixteko aitzakia gisara.
Frantziako kasuan, berriz, 1968ko iraultzatik asko aldatu da egoera. "Garai hartan, albistegietako irizpideak gobernuak ezartzen zituen, eta programetakoak sindikatuek, baina 68tik aurrera autonomia eman zitzaien kateei. Eurak ziren edukiak aukeratu eta erabakitzen zituztenak; iritzi guztientzako plataforma izatea zen baldintza bakarra eta, gaur arte, nola edo hala bete izan dena. Egia da, ordea, krisiak nabarmen zaildu duela testuingurua", aitortu du Boutinek.
Asko dira telebista publikoak betetzen duen zerbitzuaren garrantzian bat datozen adituak, eta, bide horretan, estatuaren esku hartzea murriztu behar litzatekeela sostengatzen dutenak. Giuseppe Richeri Luganoko Unibertsitateko ekonomia eta politika irakaslearen esanetan, adibidez, kate pribatuek eskaintzen ez dituzten eta iritzi publikoarentzat interesgarri diren zerbitzuak eskaini beharko lituzke telebista publikoak, aniztasuna, independentzia eta distantziakidetasuna oinarri harturik. Izan ere, hori bera ezinezko litzateke enpresa baten interesen araberako politikak jarraitzen dituen kate pribatu batean. Horretaz gain, kontuan hartu behar dira tokiko kateak, horiek baitira, maiz, hizkuntza gutxituei ahotsa ematen dieten bakarrak —itxi berri duten Valentziako telebista edo ETB1 bera kasu—. Izan ere, kate komertzialek irabaziak helburu dituzten heinean, ez diote inoiz gutxiengoari arretarik eskainiko.
Gaur egun ba al da, ordea, baldintza horiek betetzen dituen telebistarik? Boutinek argi du: "Jakin badakit batzuek ametsetan ari naizela esango didatela, baina, nire ustez, borroka ez da hutsala. Iritzi publikoa elikatu behar du telebista publikoak, eta alde guztietatik kritikak jasotzen baditugu, bide onetik goazen seinale".