Nafarroako Gobernuak egoera irregularrean dauden etorkin atzerritar batzuei osasun arreta bermatzeko sistema «lardatsa» dela nabarmendu du Javier Cañadak, Nafarroako Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak. Sistema horren «azalak eta mamiak» arazoak dituztela zehaztu du, eta gaineratu du Pertsona Migratzaileen Osasun Eskubideen Aldeko Plataforma ere «ez dagoela pozik» Nafarroan hartutako erabakiarekin.
Nafarroako Gobernuak diru laguntza bereziak emango dizkie baldintza jakin batzuk betetzen dituzten eta adinez nagusi diren etorkin papergabe atzerritarrei. Nafarroan urte bateko errolda, hilean 532,51 euroren diru sarrerak baino txikiagoak eta zigor aurrekaririk ez dutenek diru laguntza jasoko dute Nafarroa barruan osasun arreta jaso ahal izateko. Diru laguntza hori Gizarte Politikarako Departamentutik bideratuko dute, eta urriaren 1ean jarriko dute martxan, Espainiak agindutako murrizketak irailaren 1ean hasi arren.
Egoera irregularrean dauden hainbat etorkinen osasun arreta bermatzeko sistema horrek sortzetik izaera murriztailea duela azaldu du Cañadak. Urtebeteko errolda eskatzeaz gain, Nafarroan emango du zerbitzua soilik. «Zer gertatuko da jatorrizko herrialdera bidaiatu nahi badute? Ezin izango dira mugitu tratamendua jasotzen ari badira?». Zigor aurrekariak dituzten pertsonak baztertzeko erabakia ere gogor kritikatu du, zigorra betea izan arren pertsona hori zigortzen jarraituko dutelako.
Horrez gain, laguntza emateko modua ere biziki kritikatu du Cañadak. Gobernuak ez die ohiko osasun txartel bat emango, Nafarroarako bakarrik balio duen aseguru moduko agiri bat baizik. Horrez gain, osasun arreta ordaintzeko dirua Gizarte Politikarako Departamentutik aterata, bertako egitasmo batzuk baldintzatzeko arriskuaz ohartarazi du, eta gaineratu du arriskua dagoela horren errua egoera irregularrean dauden pertsonei leporatzeko. «Etorkinek zergak ordaintzen dituzte lan egiten dutenean, BEZa ordaintzen dute erostean... Zentzuz jokatuz gero, laguntza ordaintzeak Osasun Departamentuaren ardura izan beharko luke».
Murrizketa aurreratuak
Urriaren 1etik aurrera abiaraziko dituen neurriez gain, Cañadak nabarmendu du ekainetik bertatik etorkin atzerritarrei osasun arreta murrizteko agindua dagoela Nafarroako osasun zentroetan. Bertako gizarte laguntzaileek osasun txartelak ez egiteko agindua jaso duten frogak dituztela azaldu du, eta, horrez gain, osasun administrarien artean antzeko zerbait gertatu den susmoa agertu du. «Osasun zentro oso ezberdinetan, leku ezberdinetakoetan, berdin jokatu dute langileek: Altsasu, Tutera, Iruñea...».
Nafarroako Osasun kontseilaria Marta Verak berriki erantzun du ez diotela inori osasun arreta ukatu, baina Cañadak ohartarazi du badituztela hainbat kasuren frogak. Are gehiago, kasu batzuetan Espainiako Gobernuak zehaztutako mugak gainditu dituztela gaineratu du. «Osasunbideak arreta ukatu die Espainiako dekretuan arreta bermatua dutenei». Kasu horien artean, Cañadak azaldu du beste erkidego bateko osasun txartela zuen pertsona bati arreta ukatu ziotela, baita 8 urteko ume bati ere. Gibela transplantatuta zuen adingabe hark, baina osasun zentroak arreta ukatu egin zion, Espainiako Gobernuko dekretuak berak adingabe guztien osasun arreta bermatzen duen arren.
Espainiako Gobernuak agindutako neurriak indarrean jartzean Cañadak ez du «ezer onik» espero. «Dekretuak etorkina estigmatizatzen du; zerbitzu askoren gaitzen erantzule egiten du, eta gero guk desegin behar ditugun gezurrak elikatzen ditu». Berretsi du gezurra dela osasun zerbitzuak gehiegi erabiltzen dituzten ustea, nahiz eta Espainiako Gobernuak hartutako erabakien ondorioz kontrako ideia sustatzeko arriskua ikusten duen; ohiko osasun arreta bermatua ez duten etorkin atzerritarrek larrialdietara gehiagotan jo behar badute, baten batek pentsatuko du zerbitzuen abusua egiten dutela.
Arrazoibide «arriskutsuak»
Cañadak gogorarazi du orain arte pertsona guztiei arreta ematen zitzaiela, eta hori egiten jarraitzeak gastu gehigarririk ez lukeela sortuko. Ordea, azaldu du alderdi politiko batzuek dei efektua-ri buruz eta osasun arretaren fakturak jatorrizko herrialdeetara bidaltzeari buruz hitz egiten dutela. «Arriskutsuak dira arrazoibide horiek, eta arretaz jokatu beharko genuke horrelakoekin». Are gehiago, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak zehaztu egin duela etorkin atzerritarren arretarako erabilitako dirua.
Etorkinen aurkako arrazoibideak gizartean txertatzeko arriskuaz gain, osasun sektorean bertan sartu ahal den kezka azaldu du. Lehen laguntzako langileek «errealitatearekin» harreman handiagoa dutela azaldu du, eta Espainiako Gobernuaren erabakien aurkako jokabidea sumatzen duela. Ordea, zehaztu du ez dakiela zein den zerbitzu espezializatuen egoera. Dena den, sektorea mugiarazteko lan egiten jarraituko dutela esan du, objekzio kanpainaren bidez, adibidez.
Papergabeentzako osasun laguntza «lardaskeriatzat» jo dute Munduko Medikuek
Nafarroako Gobernuak ekainetik etorkinak ez artatzeko agindu izanaren frogak badaudela berretsi du Javier Cañadak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu