Paperik gabeak osasun arretarik gabe utzi izana salatu dute familia medikuek

Nafarroako Lehen Arretako Medikuen Elkarteak kontzientzia eragozle egiteko eskatu diete sendagileei

Erredakzioa
Iruñea
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Paperik gabeko etorkinak osasun arretarik gabe ez uzteko eskatu die Nafarroako familia medikuak biltzen dituen elkarteak osasun profesionalei. Hala, Espainiako Gobernuaren lege dekretua salatu du. «Gaixo bat arretarik gabe uztea oinarri etikoen eta justiziaren aurkakoa da. Gainera, gure kode deontologikoa urratzen du».

Elkarteak 350 sendagile biltzen ditu, eta gogorarazi du dekretuaren arabera familia medikuek soilik kasurik larrienetan artatu behar dituztela paperik gabeko etorkinak: «Gure bizkar utzi nahi dute ardura. Baina gu medikuak gara, ez arreta nork jaso behar duen eta nork ez erabakitzen duten epaileak».

Hala, etorkinek oinarrizko osasun arreta bat jasotzearen alde egin dute Nafarroako familia medikuek. Hori egiten bada Espainiako Gobernuak hartutako neurriek eragin ditzaketen hainbat arazo saihestuko direla azaldu dute. «Larrialdi zerbitzuek gainezka egitea eta hainbat gaixotasun kutsakor zabaltzea saihestuko da. Gainera, gastua murriztuko da; izan ere, gaixo bat larrialdietara bideratzea dezente garestiagoa da».

Duela aste batzuk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun profesionalek salatu zituzten Espainiako Gobernuaren murrizketak. Haien arabera, mozketekin ez da dirurik aurreztea lortuko.«Osasun Ministerioaren dekretua elkartasunik gabea eta arrazista da». Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten ez ezartzeko Espainiako Gobernuaren neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.