Europako Kontseiluari lotuta dagoen Eskubide Sozialen Batzordeak egin du ohartarazpena. Krisiaren eraginez hainbat estatuk nabarmenki murriztu dute biztanleenganako babes soziala. Osasuna da babes sozialetan kaltetuenetako bat, eta herritarren artean paperik gabekoak. "Paperik gabeko atzerritarrak osasun arretatik kanpo uztea Europako Itun Sozialeko 11. eta 13. artikuluen kontrakoa da". Itunak jasotzen duenez: "Beharra duen orok osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea du".
Batzordeak egindako azken txostena "aintzat hartzea" espero du Luis Jimena batzordeko presidenteak, eta eskatu du auzitegiek gobernuei itunak dioena betearazteko bideak ezartzea.
Batzordeak kezka agertu du beste hainbat estatuk arlo sozialean egin dituzten gisa bereko atzera urratsen gainean ere. Espainiak eta Frantziak ez ezik, Austriak, Belgikak, Bulgariak, Txekiak, Danimarkak eta Finlandiak ere urratzen dituzte Europako Itun Sozialaren hainbat eskaera.
Ituna gehien urratzen dituzten herrialdeak, berriz, hauek dira: Albania, Georgia, Moldavia, Ukraina, Errumania eta Grezia.