Nahiz eta bi urteko iraupena izan, paperik gabeko etorkinek abuztuaren 31 arte izango dute osasun txartela. Hortik aurrera, Gizarte Segurantzan izena emanda ez badaude, Espainiako Gobernuak kendu egingo die txartela. Gizarte Segurantzan izena emanda dauden etorkinei ere baldintza gogorragoak jarriko dizkiete txartela lortzeko. Bizi aseguru bat izan beharko dute. Bestalde, Espainiako Gobernuak aukera izango du nahi duenean botiken prezioa igo eta jaisteko. Gainera, gaixoek ordaindu egin beharko dute anbulantzia zerbitzuengatik —larriak ez diren kasuetan— eta produktu dietetikoengatik.
Atzo argitaratu zen, Espainiako Aldizkari Ofizialean, osasun publikoan Espainiako Gobernuak onartutako murrizketak arautzen dituen dekretua. Aurreko astean iragarri bezala, pentsiodunak sendagaiengatik pagatzen hasiko dira, eta langile aktiboek gehiago ordainduko dute. Erretiratuta daudenek botiken %10 ordaindu beharko dute. 18.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek gehienez zortzi euroordainduko dute hilabetean. 18.000 euro baino gehiago irabazten duten langile aktiboek %50 ordainduko dute, egun baino %10 gehiago.
Gaixotasun edo sintoma arinak tratatzeko botikak ez dituzte finantzatuko. Oraindik ez dute zehaztu zeintzuk. Botiken prezioak hiru hilabetetik behin berrikusiko dituzte, eta Espainiako Gobernuak nahi duenen jaitsi edo igo ahal izango du horien prezioa. Tratamenduak gaixoaren beharretara egokituko dituzte.
Ekainaren 30etik aurrera ezarri nahi ditu indarrean neurriak Madrilek. Baina Eusko Jaularitzak uste du ezinezkoa izango dela. «Ez hemen, ezta gainerako erkidego autonomoetan ere», esan du Idoia Mendia bozeramaileak. Gainera, aurreratu du aztertzen ari direla neurri horiek ez ezartzeko moduak. «Ez gaude ados halako neurriekin, krisia baino ez dute areagotzen». Marta Vera Nafarroako Osasun Kontseilariak, berriz, iragarri du osasun arretarako eredu berri bat aztertzen ari direla eta itxaron zerrendak murriztea izango dela xedea.
Paperik gabeak osasun txartelik gabe utziko ditu irailetik aurrera Madrilek
Eusko Jaurlaritzak «ezinezkoa» ikusten du ekainaren 30a baino lehen botiken berrordainketa ezartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu