Parekidetasuna lortzeko alardea kultur ondare izendatzea ez du egoki jo Lopezek

Arartekoak egin zuen eskaintza: jaiak babestu, hartara arduradun izan daitezen erakundeak, berdintasuna ezartzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Alardeak kultur ondare izendatzeko proposamena txartzat jo du Eusko Jaurlaritzak. EAEko ararteko Iñigo Lamarcak jarri zuen aukera mahai gainean: ondaretzat jotzeko jai horiek, hartara erakundeak egin daitezen arduradun eta legeak agindutako berdintasuna berma dezaten. Patxi Lopez lehendakariak ezezkoa eman dio eskaintza horri. Elkarte pribatuek jaiak antola ditzaketela adierazi du —hala gertatzen da Irungo eta Hondarribiko alardeetan—, eta Eusko Jaurlaritzak ez daukala hori aldatzeko asmorik.

Aralarrek Eusko Legebiltzarrean egindako galderari erantzun dio gisa horretan lehendakariak. Asteon Eusko Legebiltzarrean alardeari buruz izandako eztabaidan berretsi zuen proposamen hori Lamarca arartekoak. Hondarribiko alarde parekideari Jaurlaritzak bidea aldarazi ziola-eta izan zuten eztabaida parlamentuan. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak zuritu egin zuen erabakia, Hondarribiko alardean «arazo handiak» sortzen direla esanda; Jaizkibel konpainiako kideek, ordea, nabarmendu zuten azken urteetan ez dela segurtasun arazorik izan, eta aitzakia dela hori.

Arartekoaren proposamena hutsala iruditu zaio Lopezi: «Ez zaigu iruditzen festak kultur ondare materiagabe gisa deklaratzeak emakumeen parte hartzeko eskubideen babes handiagoa ziurtatzen duenik». Erakundeek jaiak beren gain hartzearen aurka egin du, beraz. Lege aldetik isunak nola jarri, horretan egin nahi du indarra Jaurlaritzak. Nolanahi ere, ohartarazi du ez duela begi onez ikusten emakumeak onartzen ez dituzten elkarteei diru laguntzak kentzea edota horien ekitaldiak debekatzea.

Babesteko eskaria

Lopezen iritziaz bestera, Aralarrek balekotzat jo du arartekoaren proposamena. Aintzane Ezenarro, legebiltzarkidea: «Era horretan saihestu ahal izango da pribatutasunaren aitzakian jai diskriminatzaileak egitea». Legebiltzarrean legez besteko proposamena egin du, auzia aztertzeko. Jaizkibeli ohiko bidea egiten uzteko ere eskatu dio Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.