ELKARTASUNA

Paris 365 jantoki sozialak itxieraren mamua uxatu du, hilabete batean 70.000 euro bilduta

Abenduan, 'SOS Paris 365' kanpaina abian jarri zuen Gizakia Herritar fundazioak, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko

Paris 365 jantoki soziala, Iruñeko Descalzos kalean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko urtarrilaren 16a
11:05
Entzun

Desagertzeko zorian egon da Iruñeko Paris 365 jantoki soziala. 100.000 euroren zorra pilatua zuen, eta hura kitatzeko epemuga gero eta hurbilago zegoen: 2020ko urtarrilerako pagatu behar zuen diru kopuru horren zatirik handiena.

Hori dela eta, jantokia kudeatzen duen Gizakia Herritar fundazioak abian jarri zuen SOS Paris 365 lelodun kanpaina, herritarren babesa jasotzeko. Ordaintzeko epea amaitzear zela, fundazioko arduradunek jakinarazi dute kanpainak berebiziko arrakasta izan duela, 70.000 euro jaso dituztelako hilabete honetan. Jantokia salbatzea lortuko dute laguntza horri esker.

Jantoki sozialeko kideek azaldu dutenez, diru ekarpen gehienak norbanakoenak izan dira: 10 eta 3.000 euroren artekoak. Bildutako diru kopuruaren zenbatekoa handiagoa ere izan liteke, zenbatzeke baitituzte oraindik elkarte, fundazio, lantoki eta bestelakoen ekarpen ekonomikoak.

2008. urtean eztanda egin zuen krisi ekonomikoak eragindako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zuten martxan Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Hamar urteotan, 278.000 gosari, bazkari eta afari baino gehiago banatu dizkiete Gizakia Herritar fundazioko kideek jantokiko erabiltzaileei, Jarauta karrikan hasieran, eta Descalzosen orain. Gainera, 10.250 elikagai saski baino gehiago banatu dituzte.

Batetik, fundazioko kideek 1.700 boluntario baino gehiago izan dituzte laguntzen hori guztia lortzeko; bertzetik, 500 bazkide baino gehiagoren babesa lortu du egitasmoak. Proiektua garatuz joan da, gainera, eta jantoki gisa sortutakoari hamaika adar atera zaizkio gero: Paris 365 Txokoa, sukaldea, bigarren eskuko arropa saltzeko dendak eta haurrentzako ludoteka, bertzeak bertze.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.