Parisko auzitegiak errugabetzat jo ditu Kalaka aferan auzipetutako bost lagunak: Cedric Garai, Joan Bidart, Pantxo Flores, Xabier Susperregi eta Mizel Barrenetxe.
Poliziak 2007ko irailean egin zuen Kalaka Donibane Garaziko ostatuaren aurkako operazioa, eta hamahiru lagun atzeman zituen. Haietako bost preso egon ziren urtebetez, eta geroztik kontrol judizialpean eduki dituzte, Euskal Herrian sartzeko debekuarekin.
ETAren finantza sarearekin lotura izatea egotzita atzeman zituzten, Laurence Levert Parisko epaileak aginduta. Hasierako prozedurari Kalaka ostatuaren kontrako prozedura bat gehitu zioten. Prozedura hori Ipar Euskal Herriko hainbat ostaturen kontra ireki zuten, «antolakunde terrorista baten finantzaketa» kalifikaziopean. Horren barruan, hainbat atxiloketa eta miaketa egin zituzten 2008ko irailean.
«Orain, hamabi urteren ostean, azkenean, Frantziako Justiziak bat egin du hasieratik etengabe errepikatzen dugunarekin…
Instrukzio epaileak dionez, urte hauetan egindako ikerketen arabera «ez dago aipatutako akusazioa oinarritzeko elementu seriosik». Honela argudiatu dute auzipetuen abokatuek: «Prokuradorea iritzi berekoa izanik, pentsa daiteke ez duela ezarriko helegitea».