Euskal presoak

"Parisekin elkarrizketa ez da hautsia, baina bai etenda"

Azken hilabeteetako balorazioa egin du Frantziako Justizia Ministerioarekin hizketan aritu den Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak, Baionan. "Agenda blokeatua da", esan du Anaiz Funosasek. Harekin batera izan dira Vincent Bru, Jean René Etxegarai eta Mixel Berhokoirigoin.

Bru, Etxegarai, Funosas eta Berhokoirigoin, gaur, Euskal Elkargoan. ENEKOITZ ESNAOLA
2018ko abenduaren 14a
07:10
Entzun

Duela urtebete egin zuten Parisen Orain Presoak manifestazioa, iazko abenduaren 9an. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat Frantziako Gobernuarekin elkarrizketan aritu da pixka bat lehenagotik, eta mintzaidetza horren balorazioa egin dute gaur, Baionan, Bake Bideako presidente Anaiz Funosasek, Mixel Berhokoirigoin bakegileak, Euskal Elkargoko lehendakari Jean René Etxegaraik eta Vincent Bru Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatuak.

"Elkarrizketa momentu honetan etenda da", esan du Funosasek: "Ez gara ados jartzen Parisekin mahai gainean dugunaz. Agenda blokeatua da. Elkarrizketa ez da hautsia, baina bai etenda". Egoera horretan, eta ETAren armagabetzea eredu gisa hartuta, Euskal Herrian jarri du begirada: "Orain lehentasuna da hemen zer egin dezakegun prozesua bultzatzeko".

Egoera horretan, mobilizazioaren garrantzia nabarmendu du Bakegileen ordezkari Mixel Berhokoirigoinek: "Urtarrilaren 12an milaka lagun batuko gara Baionan ere [Bilbon egingo dute beste mobilizazio bat]. Elkarrizketa eta mobilizazioa ez dira kontrajarriak". Azaldu duenez, "aniztasuna, kontsentsua eta transbertsalitatea" dira beraien printzipioak, eta horretan jarraitzera deitu du: "Euskal presoen afera ez da bukatua. Haria ez da hautsia".

Orain arteko bidean, dena den, lortutako "pausorik ikusgarriena" euskal presoen hurbilketa izan dela nabarmendu dute. Duela urtebete, zazpi preso zeuden Mont-de-Marsango eta Lannemezango kartzeletan —Euskal Herritik hurbilen dauden Frantziako bi espetxeak dira horiek—, eta orain, hogeita zazpi. Otsailetik Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Parisek adostutako hogeita lau hurbilketa izan dira. Azkenak, ordea, duela bi hilabete. Muretera ere eraman dute beste preso bat, baina Parisek eta ordezkaritzak lekua adostu gabe.

Emakumeen kasuan, mugimendurik ez

Beste arlo batzuetan ez dute aurrerapausorik ikusi. Baldintzapeko askatasunik ez du eman Frantziak, esaterako, eta euskal emakume presoei dagokienez ere, Parisek ez du bete ordezkaritzak eskatutakoa: preso horiek espetxe bakarrean batzea.

Madrili dagokionez, gobernua PSOEk hartu zuenetik, Parisen espetxe politikatik "hurbilago" dagoela uste dute ordezkaritzako kideek. Ez dakite, ordea, bidea bateratu nahi ote duten.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.