Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Herve Trinquet Parisko Eskual Etxeko lehendakariak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Expolangues azokan, Frantziako hiriburuan. Horren ondorioz, Jaurlaritzak Parisen euskararen ezagutza eta erabilpena bultzatzeko laguntzak bideratuko ditu. Auzmendik adierazitakoaren arabera, itunari esker, mila eskola ordu emango dituzte Eskual Etxean, eta ehun ikasle helduk izango dute laguntzak jasotzeko aukera.Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak emandako datuen arabera, 2010-2011ko ikasturtean Jaurlaritzak 21.900eskola ordu finantzatu ditu euskararen lurraldeetatik kanpo.
Parisko Eskual Etxearekin sinatutako hitzarmenari jarraituz, Jaurlaritzak hiru esparrutan eragingo du. Batetik, euskal etxeetan euskararen irakaskuntzan ari diren irakasleen trebakuntza indartuko du. Bestetik, irakasle horiek materialez hornituko ditu beren eguneroko jarduna ahalik eta modu egokienean bideratzeko; eta, azkenik, euskal etxeetan ematen dituzten eskolak diruz lagunduko ditu.
Auzmendiren esanetan, hitzarmenak «berebiziko garrantzia» du euskara zabaldu eta ezagutarazteko: «Gure nahia hori baita, euskara mundu guztian sustatzea eta mundu guztiari euskara ikasteko aukera ematea».
Expolangues, 2013ra begira
Egunotan Parisen egin den Expolangues hizkuntzen azokan sinatu dute hitzarmena Jaurlaritzako ordezkariek, eta, hain zuzen ere, azokako arduradunekin ere bildu dira. Izan ere, Auzmendik adierazi duenez, 2013ko Expolanguesen euskara hizkuntza gonbidatua izateko «ahaleginak» egin dituzte. «Euskararentzat ohore handia izango da hizkuntza gonbidatua izatea. Mundu mailan egiten den hizkuntza feria garrantzitsuenetariko batean izendapen hori jasotzeak prestigioa ematen dio hizkuntzari, eta kanpora begira proiekzio izugarria eman diezaioke». Aurten arabiera da hizkuntza gonbidatua.
Parisen euskara ikasteko ituna sinatu dute Jaurlaritzak eta Eskual Etxeak
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2013ko Expolanguesen euskara hizkuntza gonbidatua izateko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu