ETAren ustezko buruzagitzaren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten asteartean Baigorriko (Nafarroa Beherea) Agorerreka aterpetxean Iratxe Sorzabal, David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Flores. Azken hori aterpetxeko jabea da.
Sorzabali eta Plari ETAren politika aparatuko arduradunak izatea egozten die Espainiak. Sagarzazu, berriz, ETAko nazioarteko aparatuko buru izana da, Espainiako Barne Ministerioaren arabera.
Polizia operazioaren oihartzunek bete-betean harrapatu zuten Brian Currin eta Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek Euskal Herrira egindako ostera. Hitzartutako bilera sortari ekin aurretik, ahoan legarrik gabe mintzatu zen HNTko kideetako bat, Alberto Spektorowski: "Atxiloketak oztopo bat dira bake prozesuan. Azken batean, bake prozesu guztien helburua bakea da, bukatzea, eta ez indarkeriara itzultzea".