Filipe Aramendi abokatuak ezin du xehetasun gehiagokorik eman, 96 oreneko atxilo aldia ez baita bururatua. Konfidentzialtasuna zaindu behar du abokatuak, atxilo aldi denboran. Parisen ikerketa epaile batek galdezka ditzake bost atxilotuak. Prokuradoreak, bere aldetik, agindu dezake preso sartuak izan daitezen. Baina askatasun epaileak du presondegiratzeko azken hitza.
Baionan eduki ostean eraman dituzte asteartean atxilotutako lau lagunak eta ostegunean atxiloturiko bosgarrena Frantziako hiriburura.
Miaketa hasita zegoela iritsi zen Graxi Etxebehere Ortzaitzeko bere etxera, eta ordubete geroago atxilotuta eraman zuen Poliziak. "Nik lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat, eta ez dut batere dolurik". Graxi Etxebehere ortzaiztarraren adierazpenak dira, atzo Euskal Irratiei eginak justu atxilotua izan aitzin. Hain justu, ustezko bi etakide etxean hartu izana egotzita atxilotu zuten.
EH Bildu eta EAJren gaitzespenak
EAJ Baxe Nafarroa Xiberuko biltzarrak prentsa ohar baten bidez jakinarazi du "martxan dagoen bake prozesuari kalte egin diezaioketen probokazio guztiak" salatzen dituztela. "Egun hauetan iragan diren azken gertakariak ezin ulertuak eta ezin onartuak dira", diote. Halaber, Frantziako Gobernuari, Espainiako Gobernuari eta ETAri erantzukizunez jokatzeko eskatu die.
ETA desarmatu nahi duen erakunde bat izanik, azken atxiloketen inguruan Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Frantzia eta Espainia ez daudela "armagabetze ordenaturako bitartekoak jartzeko prest". Hala ere, nazioartean halako prozesuak estatuen parte hartzearekin burutu direla gogorarazi du.
Halaber, eragile ugarik armagabetze ordenatu bat eskatzen dutela azpimarratu du, "eta herritarren multzo ezin zabalago horri" erantzun behar zaiola uste du. "Konpromiso sendoen garaia da, iraganeko dinamiketatik urruntzeko".