Atxiloketak

Parisera eraman dituzte Chatelleraulten atxilotutako ETAko ustezko hiru kideak

Iñigo Elizegi, Inocente Soria eta Jose Luis Campo iragan ostiralean Frantzia mendebaldean, Chatelleraulten, atxilotutako ustezko etakideak bart gauean eraman dituzte Parisera epaileek deklarazioa har diezaieten. Polizia iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, beranduenez, bihar deklaratuko dute hiru lagun horiek terrorismoaren aurkako epaile baten aurrean.

2004ko apirilaren 19a
14:04
Entzun
Elizegi, Soria eta Campo ez ezik, haietako biren emazteak —Idoia Albistur (Elizegirena) eta Maria Angeles Ostiza (Soriarena)— atxilotu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. Albistur atzo aske geratu zen, epailearen aurrean deklaratu behar izan gabe. Ostizak, berriz, gaur deklaratuko du Garzonen aurrean.

Frantziako Polizia Judizialak eta Espainiako Guardia Zibilak elkarrekin egin dute Elizegiren, Soriaren eta Camporen atxiloketa ondorio izan duen operazioa. Hiru lagun horiek ETAren logistika arloko kideak dira polizia iturrien arabera, eta, zehazki, Chatelleraulten lehergaientzako osagail elektronikoak prestatzeko lantegia eratzea leporatzen diete.

Leherketa mehatxua Chatelleraulten

Larunbatean, bonba mehatxua jaso zuten Chatelleraulteko kirol estadioan, eta, badaezpada, jokatzekoak ziren futbol partidak bertan behera utzi zituzten. Hiriko poliziaetxean jaso zuten abisua: deitu zuen pertsonak ustezko hiru etakideak aske utzi ezean kirol estadioan lehergailua eztandaraziko zutela ohartarazi zuen. Nolanahi ere, bonbarik ez zegoen, eta Poliziak uste du Frantzian azkenaldian jaso duten abisu faltsuen oldeko beste bat izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.