Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Gorka Azpitarte ustezko etakideak gaur goizeko bost eta erdietan atera dituzte Montpellierko (Frantzia) polizia etxetik Paris aldera, Laurence Le Vert epailearen aurrera eramateko. Larunbat arratsaldean atzeman zituzten, Montoriolen (Ipar Katalunia). Baina epaileak 24 orduz luzatu du atxiloaldia, Frantziako legeak ahalbideratzen dituen 96 orduak erabiliz. Gaur deklaratuko dute Le Verten aurrean eta, ondotik, askatasun epailearen aurretik pasatuko dira espetxeratzen dituen edo ez erabakitzeko.
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Juan Manuel Piñuel guardia zibilaren hilketa egotzi dio Martitegiri. Legutioko (Araba) kuartelaren aurka bonba-furgoneta lehertu zuen ETAk 2008ko maiatzaren 14an eta eztandaren ondorioz hil zen Piñuel.
Ipar Kataluniako operazio berean atxilotu zituzten larunbatean eta igande goizaldean Sergio Bravo, Asier Ortiz de Ginea, Olaritz Arakama, Igor Garcia, Jonathan Guerra eta Gorka Iriarte, Gasteizen, Otxandion (Bizkaia), Bilbon eta Errenterian (Gipuzkoa). Arakama igandean utzi zuten libre, baldintzarik gabe. Besteek inkomunikatuta jarraitzen dute, Espainiako Poliziaren esku, Madrilen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi du gaur arratsaldean eramango dituztela Santiago Pedraz epailearen aurrera -operazioa Baltasar Garzonek agindu zuen-.
Ikerketaren iturriak aipatuz, berri agentziek zabaldu zuten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atxilotutako sei lagunek Uriarte buru zuen komando bat osatzen zutela. Ipar Katalunian atxilotuei dagokienez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du lehergai "pixka bat", hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu dietela.
Montorioleko operazioan aurkitutako dokumentazioan oinarrituta, Rubalcabak adierazi du ustezko komandoak Patxi Lopezen inbestiduratik hurbil egin nahi zuela atentatua.
Atxiloketak
Parisera eraman dituzte Martitegi, Uriarte eta Azpitarte ustezko etakideak
Larunbat atxilotu zituzten, Ipar Katalunian, ETArekin zerikusia dutelakoan, eta gaur pasatuko dira Le Vert epailearen aurretik. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atzemandako beste bost lagunak gaur arratsaldean eramango dituzte Pedraz epailearen aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu