Euskal presoak

Parisko dei auzitegiak berriz aztertuko du Fernandez Iradiren zigor etetea

Auzia azaroaren 24an aztertuko du epaitegiak, Kasazio Auzitegiak Fernandez Iradi preso atxikitzeko erabakia atzera bota ostean. Bagoaz-ek manifestaziora deitu du azaroaren 19rako.

Ibon Fernandez Iradiren aldeko elkarretaratzea. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko urriaren 12a
16:27
Entzun

Ibon Fernandezek esklerosi anizkoitza du, eta haren egoera okertzen ari dela ebatzita  zigorraren etetea eskatu zuen Maritxu Paulus Basurco abokatuak, medikuaren txostenak froga gisa hartuta. Parisko dei auzitegiak ez zuen onartu eskaera, “baldintza batzuk betez gero” presondegian egon zitekeela argudiatuta. Ekainaren 22an, erabaki hori bertan behera utzi zuen Parisko Kasazio Auzitegiak. “Dei auzitegiak ebatzi zuen baldintza batzuk beteta, presondegian egoteak ez zuela Fernandez Iradiren osasun egoera kaltetuko, baina ez zuen ezer egin baldintza horiek betetzea bermatzeko; horregatik utzi du bertan behera Kasazio Auzitegiak”, adierazi du Paulus Basurcok.

13 urte daramatza Fernandez Iradik Frantziako presondegietan; 2010eko abenduan agertu zitzaizkion eritasunaren lehen sintomak. Bagoaz-ek salatu du, gaur egun 370 preso daudela Frantziako eta Espainiako presondegietan eta horietako hamar larriki eri direla. “Ibon Fernandezen galdearen aurka joanen litzatekeen epai batek, oinarrizko eskakizun humanitarioen aurka joateaz gain, Euskal Herrian masiboki eskatzen denaren aurka ere joko luke”, Emili Martin Bagoaz-eko kidearen hitzetan. Azaroaren 19an manifestazioa eginen dute Baionan; 17:00etan abiatuko da Euskaldunen plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.