Sustrai Erakuntzaren arabera, Nafarroan egin nahi dituzten parke eolikoen eta eguzkia energia ekoizteko instalazioen proiektu «andanaren» berri ematen ari dira azken egunotan Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa, eta fundazio ekologistak salatu du horietako gehienek «modu larrian» eragingo diotela ingurumenari. Horregatik, egitasmo guztiak gelditzeko eskatu die administrazioei. Horretarako, alegazioak aurkezten ari da. «Fundazioak hemeretzi alegazio aurkeztu dizkie, dagoeneko, beste hainbeste proiekturi», nabarmendu dute ekologistek, ohar batean.
Zehaztu dutenez, oraingoz 36 dira Nafarroan martxan jarri nahi dituzten «inpaktu eta tamaina handiko» proiektuak. «Baina kopurua askoz ere handiagoa da asteak eta hilabeteak pasatu ahala». Sustrai Erakuntzak azpimarratu du alegazioak aurkezten segituko dutela datozen asteetan, eta beste erakunde batzuk eta norbanakoak ere «antzeko» helegiteak erregistratzen ari direla jada.
Alegazioak egin «behar» izan dituzte, fundazioaren esanetan, parke eta zentral horiek «arrazionaltasunik gabe» planteatzen dituztelako, eta horien garapenak «inolako plangintza demokratikorik» ez duelako. Fundazioak salatu du, gainera, abian diren proiektuak «nabarmen» gainditzen ari direla Nafarroako Energia Planean proposatutakoa. «Une honetan ez dago berriztagarrien garapena antolatzen edo zuzentzen duen erakunde publikorik, ezta espekulazio burbuila berri hori gelditzeko asmorik ere».
Kalte «larriei» dagokienez, fundazioak aipatu du lurrean mugimendu handiak egin behar direla, eta, besteak beste, pista handiak ireki sail naturaletan; «kasu askotan, jende gutxi ibiltzen den eta natura balio handiak dituzten eremuetan». Sustrai Erakuntzak azpimarratu du, gainera, proiektu horiek «eremu babestuei» ere eragiten dietela.
Hori guztia aintzat hartuta, ekologistek beharrezkoa ikusten dute Nafarroan behar den eredu energetikoaren inguruko «hausnarketa eta plangintza prozesu egoki bat» irekitzea. «Eta bitartean, ez dira abian jarri behar molde honetako proiektu gehiago, ingurumenean, nekazaritzan eta gizartean dituzten eragin izugarriak direla eta».
Manifestazioa Araban
Eusko Jaurlaritzak lau parke eoliko eraiki nahi ditu Araban, eta, horren kontra protesta egiteko, manifestaziora deitu dute biharko Maeztun (12:30), Mendiak ez daude salgai! lelopean.