Hemezortzi urte eta erdi espetxean igaro ditu Ramon Uribe Navarro Usurbilgo presoak. Gaur zen libre geratzekoa, baina Parot doktrina ezarri diote. Ines del Rio euskal presoaren aferaren baitan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia kondenatu zuenetik, 197/2006 doktrina aplikatzen duten lehen aldia da.
Usurbilgo Herrira-k Uriberen "bahiketa" salatu du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu. Uriberi ongietorria emateko asmoa zuten, baina horren ordez protesta egingo dute. 19.30ean Usurbilgo frontoira joateko deialdia egin dute.
Juan Ramon Rojo ere gaur zen libre geratzekoa, baina kartzelan jarraituko du. Hilaren 12an erabakiko dute 'Parot doktrina' ezarriko ote dioten, baina bitartean preso jarraituko du. Etxerat elkarteak uste du Rojok kartzelan jarraituta "de fakto" ezarri diotela 197/2006 doktrina, eta salatu du erabaki horrek "izugarrizko larritasuna" duela: "Prozedura hau ez da ohikoa, eta argi erakusten du presoak une honetan duen babesgabetasuna. Juan Ramon Rojo bahituta baitute espetxean, bere egoeraren inguruko erabakirik hartu gabe".