'Parot doktrinak' eta gaixo diren presoak kartzelan edukitzeak nazioarteko legedia urratzen dutela dio Europako legelari talde batek

ELDH Demokrazia eta Giza Eskubideen Aldeko Europar Legelarien Elkarteak Espainiako Gobernuari dei egin dio 'Parot doktrina' gisa ezagutzen den 197/2006 doktrina indargabetzera, eta gaixo larri diren presoak askatzera.

Berria.info
2012ko irailaren 24a
19:55
Entzun

ELDHk gaur ezagutzera eman duen agiri baten bidez ohartarazi du ezarritako zigorra bete ondoren euskal preso ugariri ezarri dieten 197/2006 doktrinak zein gaixo larri dauden euskal presoak kartzelan edukitzeak Espainiako eta nazioarteko legediak bortxatzen dituztela. Hori dela eta, legedi horiek bete, eta doktrina aplikatu zaien presoak, zein gaixo larri direnak askatzera eta Parot doktrina bertan behera uztera dei egin die Espainiako Gobernuari eta erakundeei. 

"ELDHk Espainiako Gobernuari eta bere erakundeei dei egiten die kondena bete arren Auzitegi Gorenaren 197/2006 epaiaren emaitza den Parot doktrinaren bidez zigorrak luzatu dizkieten presoak askatzera. Doktrina hori indargabetzeko ere eskatzen diegu", dio ELDHk irailaren 15ean onaratu eta atzo ezagutarazitako erabakiak. "Uste dugu preso horiek kartzelan mantentzeak askatasun eta segurtasunerako eskubidea bortxatzen duela", gaineratzen du, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren auziaz emandako ebazpena bere eginez.

Gaixo larri diren euskal presoen kasuan, ELDHk kezka agertu du, eta haiek lehenbailehen askatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, espainiar legedia (Zigor Kodearen 92. artikulua) betez, alegia gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapean askatau behar direla dioena aurrera eramanda. "Pertsona horiek aske uzteko irizpide mediku eta humanitarioak baino ezin dira erabili", dio ELDHk. 

Europako Giza Eskubideen Auzitegia doktrinaren aurka azaldu zen uztailean

Joan den uztailean emandako epai batean, Europako Giza Eskubideen Auzitegia Parot doktrinaren aurka azaldu zen, lehen kasuan bertan. Ines del Rio Prada euskal presoari kartzela zigorra luzatzea "irregularra" dela esan zuen, eta Espainiari hura ahal den azkarren libre uzteko eskatu zion. Espainiak oraindik ez du erabakirik hartu; gaia urriaren 10erako utzi du Auzitegi Nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.