EUSKAL PRESOAK

'Parot doktrinaren' aurka Iruñean eta Tafallan deitutako martxak debekatu dituzte

Herrira mugimenduak eman du debekuaren berri. Leloak "kaltegabea dela irudi dezakeen" arren manifestazioaren helburua ez dela "hain kaltegabea" argudiatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak.

2013ko martxoaren 11
13:36
Entzun

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak debekatu egin du Herrira-k heldu den larunbaterako Tafallan deitutako manifestazioa, baita martxoaren 20an Iruñean egitekoa den bilkura ere. Mugimenduaren hitzetan, bi mobilizazio horien helburua da "pertsona guztien giza eskubideak errespeta daitezela eskatzea eta, zehazki, Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailaren 10ean emandako epaia bete dadila".

Debekuak mobilizazioen leloan du oinarri, Herrira-k azaldu duenez: 197/2006 doktrina eten. Bizi osoko zigorrari ez. Ines askatu izango da goiburua. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren ebazpenean onartzen da “goiburua kaltegabea dela irudi lezakeela”, baina, Ines del Rioren izena sartuta dagoenez, manifestazioen helburua “ez da hain kaltegabea, ez eta doktrina bat ez aplikatzeko eskaera soil bat ere”, ETAkoa izateagatik zigortutako pertsona bat “goratu eta haren alde egitea” baizik, hark egindakoa “goretsi, babestu eta justifikatuz”.

Herrira-k kritikatu duenez, mobilizazio horien debekuak "agerian uzten du Espainiako Gobernua arduragabea dela eta tematurik dagoela eskubideen urraketan". Del Rioren giza eskubideak "larriki" urratzea egotzi dio Madrili.

Mugimenduak eutsi egin die deialdiei: "Ez diegu men eginen debeku horiei, eta herritarrei dei egiten diegu larunbat eguerdian Tafallara joateko, jende oldea bil dadin, eta martxoaren 20an, asteazkena, arratsalderako Iruñean eta Euskal Herri osoan antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko".

Gaur goizean administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu du Herrira-k Nafarroako Auzitegi Nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.