Nafarroako Auzitegi Nagusiak baimendu egin ditu datorren larunbaterako eta martxoaren 20rako Parot doktrina bertan behera uzteko eskatuz deitutako manifestazioak. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegatuak 197/2006 doktrinaren aurkako mobilizazio batzuk debekatu zituen. Zehazki, larunbatean Tafallan egitekoa den manifestazioa eta martxoaren 20ko arratsaldean Iruñean, Arbizun, Altsasun, Garesen eta Elizondon deitutako protestak debekatu zituen.
Herrira mugimenduak bi helegite aurkeztu zituen astelehenean Nafarroako Auzitegi Nagusian (Tafalla eta Iruñeko debekuen aurrean), eta gaur jakinarazi du auzitegiak arrazoia eman diola mugimenduari, manifestazio horiek baimenduz. Gainera, Espainiak auzi honen kosteak ordaindu beharko ditu.
Bi mobilizazioak baimenduta, sententzia hauen bidez debeku guztiak bertan behera geratu direla ulertzen du Herrira-k. Horregatik, herritarrei dei egiten die larunbat eguerdian Tafallara joateko, eta martxoaren 20an, asteazkena, Euskal Herri osoan arratsaldean antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.