Parte-hartze politikoa mugatu nahi badu, "berme handiagoa" eman dezala eskatu dio gaur Espainiako Gobernuari Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ordezkari Martin Scheinin-ek. Terrorismoaren Aurkako Borrokan Oinarrizko Askatasunak eta Giza Eskubideak Sustatu eta Babesteko NBEk duen behatzaile berezia da Scheinin eta honek publiko egin du gaur bere txostena, iazko maiatzean Espainiako Estatura eta Euskal Herrira eginiko bisitetan jasotako informazioan oinarrituta.
Madrilgo gobernuari, hauteskundeetatik hautagaitza jakin batzuk baztertzeko prozeduran, berme zorrotzagoak eskatu dizkio NBEko behatzaile bereziak.
Scheininen iritziz, "arrunt garrantzitsua da auzi hori, bereziki berariaz hauteskundeetara aurkezteko sortutako taldeen kasuan, zeren eta lehenagoko jarduerarik ez dagoenez, ezinezkoa da inolako frogarik eduki haien kontra".
Gainera, atxilotuen inkomunikazio garaiko torturen salaketen aurrean kezka adierazi du.
Espainiako Gobernuari Scheininek egin dizkion gomendioen artean dago Auzitegi Nazionalari dagokiona. Madrili eskatu dio azter dezala "terrorismo delituen gaineko eskumena auzitegi arruntetara, auzitegi zentral berezitu baterako, Auzitegi Nazionalerako, soilik erreserbatu beharrean".
Gisa berean, "terrorismo nozioari lotutako kasuetan behin-behineko kartzelatzerako aukera murritz" dezala galdegin dio, baita "inkomunikatutako atxilotzea erabat" kentzea ere. Horrez gain, "torturak eta tratu txarrak eragozteko neurriak sistematikoki" ezartzea eta, tratu txarrak izan diren ustea dagoenean, "berehalako ikerketa egotea, independentea, inpartziala eta osoa", eta "urraketa horien egileak Justiziara eramatea" galdegin dio.
Behatokiaren balorazio ona txostenaz
Horren guztiaren aurrean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia-k behin-behineko balorazioa egin du. "Balorazio ona egiten dugu txostenaren inguruan, eta iruditzen zaigu ez dela kasualitatea izan publiko egiteko aukeratutako unea, izan ere eta gomendioetan irakurri daitekenez, Alderdien Legearen eta terrorismo definizioaren inguruan kritika zorrotza egiten du, eta ezin ahantz dezakegu zein une politikoan aurkitzen garen, hauteskundeen atarian".
Datozen egunetan balorazio zabalagoa emango duela gaineratu du Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak.
Politika
Parte-hartze politikoa mugatu nahi badu, berme handiagoa eman dezala eskatu dio Espainiari NBEk
Martin Scheinin Nazio Batuen Erakundeko behatzaile bereziak iaz Espainiara eta Euskal Herrira eginiko bisitetan jasotako informazioan oinarritu du gaur argitara eman duen txostena. Gainera, inkomunikazio garaiko torturen salaketen aurrean kezka adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu