Frantziako presidentetzarako bozen eguna da. Hamabi hautagaien artean hautatu behar dute herritarrek. Oraingoz, parte hartzeak behera egin du 2017ko datuekin alderatuta. 17:00etan, parte hartzea %65ekoa da Frantzian, %69,4koa zen 2017an.
Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan parte hartzea doi bat handiagoa izan da oraingoz. %72,8ekoa da 17:00etan argitaratutako datuen arabera. Tenore berean, 2017an, %70,5ekoa zen. Hala, doi bat gora egin du orduko emaitzekin alderatuta.
Korsikan, berriz, aise apalagoa izan da parte hartzea. Bi departamendu daude Korsikan. Korsika Hegoaldean %58,5ekoa da parte hartzea momentuz —%60,1ekoa zen 2017an—. Korsika Garaian, abstentzioa handia izan da: %51,2koa da parte hartzea 17:00etako datuen arabera. 2017an, %63koa zen ordu berean: hamabi puntu gorago.
Bozka bulegoak 18:00etan hetsiko dituzte leku batzuetan, 19:00etan leku gehienetan, eta, hiri handietan 20:00etan itxiko dituzte.