GIZARTEA

Parte hartzea eta emantzipazioa sustatuko ditu Nafarroako II. Gazteria Planak

Plangintzaren zirriborroak 3.000 gazteren baino gehiagoren ekarpenak jasotzen ditu. Euskara «era transbertsalean» landu dutela azaldu du Kirol eta Gazteria Insitutuko zuzendari Ruben Goñik.

Adela Gonzalez eta Ruben Goñi, Kirol eta Gazteria Institutuko arduradunak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko uztailaren 26a
11:48
Entzun

"Malgua, erreala eta transbertsala". 2017-2019 eperako II. Gazteria Planaren zirriborroa aurkeztu dute gaur goizean Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Ruben Goñik eta Gazteriako zuzendariorde Adela Gonzalezek. Agiri horrek 150 ekintza baino gehiago jasotzen ditu, eta sustatzaileen hitzetan, "gazteriaren garapena errazteko helburuarekin" osatu da, "baliabideak eta aukerak emanez haien emantzipazioa eta banakako nahiz taldekako garapena errazte aldera".

Partaidetza izan da Goñik eta Gonzalezek nabarmendu duten beste ezaugarrietako bat. Izan ere, gaur aurkeztutako zirriborroa  parte hartze prozesu luze baten ondorio izan da: 3.182 gazteren iritzia jaso du Nafarroako Gobernuak inkesten bidez; 120 parte hartzaile izan dira hainbat udalerritan antolatutako tailerretan; hamaika mahai tekniko sortu dituzte hezkuntza, enplegua, etxebizitza, osasuna, berdintasuna, kultura, edota bizikidetza esparruetan; eta Nafarroako bi unibertsitateek parte hartu dute lehen fase honetan.

Euskara, atal edota eztabaidagai gisa bainoago, "era transbertsalean" landu dela azpimarratu dute Gazteria saileko arduradunek. Horretarako Euskarabidearen laguntza eta aholkularitza jaso dute.

Lau ardatzetan antolatutako 150 ekintza

Gazteekin egindako inkesten eta tailerren bidez lortutako erantzunetatik abiatuz eta mahai teknikoek egindako ekarpenetatik abiatuz, zirriborroak 150 bat ekintza jasotzen ditu, eta lau ardatzetan antolatu dira:

-Emantzipazioa: enplegua, etxebizitza, hezkuntza.
-Banakako prozesua: osasuna, kultura eta kirola.
-Sozializazio prozesua: partaidetza, bizikidetza, aisia eta astialdia eta mugikortasuna.
-Banakako eta taldekako identitatea garatzea: aniztasuna, gizarteratzea, berdintasuna eta lurralde garapena.

Halaber, planak segida izanen du datozen hilabeteetan, eskualdeko batzarrak antolatuko baitira irailean eta urrian Irurtzunen, Lekarozen, Lizarran, Tafallan, Tuteran, San Adrianen, Zangozan eta Iruñean.

Ekarpen eta zuzenketa guztiak eginda, Nafarroako Gobernuak abendurako jarri nahi du indarrean Gazteriaren II. Plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.