Abiaturiko ekinbide juridikoaren bitartez GuraSOS elkarteak Gipuzkoako hondakinen plan berriaren inguruko eztabaida plazaratu nahi du. Elkarteak azpimarrratu du herritarrek gai publikoetan zuzenean parte hartzeak "legitimazio demokratikoa" ematen diola eskaerari; gainera, ekimenaren atzean babes sozial handia dagoela ere azaldu dute, eskaerarekin batera 15.000 sinadura aurkeztu baitituzte.
Ekimena aurrera eramateko hainbat urrats egin behar izan dituztela ere azaldu dute. Lehenik, Herritar Entitateen Foru Erregistroan eman zuten izena, joan den ekainaren 16an. Horrela, aldundiak bi aukera zabaltzen ditu eskaera egin ahal izateko; batetik, errauste plantaren inguruko erabaki guztiak hartuta egongo ez balira, elkarteak eztabaida irekia eska lezake. Bestetik, erabakia hartuta dagoela ulertuz gero, eskaerak bidezko izaten jarraitzen du 1/2010 Foru Aldundiaren 10.3 artikuluaren arabera, proiektuaren ezaugarriak modu esanguratsuan aldatu baitira lehen aldiz onartu zenetik (duela hamalau urte).
GuraSOS elkartea duela bi hilabete sortu zen, arduratuta zeudelako seme-alabengan eta, oro har, gipuzkoar guztiengan Zubietan egin nahi duten erraustegiak eragin ditzakeen osasun kalteengatik.