Partzuergoko haur eskolak ekainaren 22an irekiko dituztela jakinarazi diete sindikatuei

LABek plantorako deia egingo du, «prebentzio plan egokia» adostu ezean.

Arroabeko haur eskola, artxiboko irudi batean. UROLA KOSTAKO HITZA
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 5a
16:58
Entzun

LABek azaldu duenez, Haurreskolak partzuergoak bilera batera deitu ditu sindikatuak. «Bertan iragarri digutenaren arabera, ekainaren 22tik aurrera Haurreskolak partzuergoko zentroek haurrak aurrez aurre jasotzeko aukera zabaltzen da, behin alarma egoera bukatuta», ziurtatu du sindikatuak. LABek «gogor» salatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Haurreskolak partzuergoaren gerentziaren «etengabeko inprobisazio eta noraeza». Egoera ikusita, datorren astean bilera egitea eskatu dute haurrekin lanean hasteko prebentzio plana negoziatzeko. Gainera, aurreratu dute plantorako deia egingo dutela prebentzio plan «egokia» adostu ezean. «Argi dugu egoera hau haurtzaindegi pribatuek zabaltzeko egin duten presioagatik hartutako erabakia dela, eta Eusko Jaurlaritza haurren eta langileen osasuna interes ekonomizistengatik arriskuan jartzen ari dela».

Steilasek ere ohar bidez adierazi duenez, jakinarazi diete hilaren 22an irekiko dituztela Partzuergoko haur eskolak. Sindikatu horren iritziz, Haurreskolak partzuergoko langileek aurrez aurreko lanera bueltatu nahi dute, baina beharrezko prebentzio eta osasun neurriek eta baliabideek soilik «normalizatuko» dute egoera. Steilasek ere prebentzio neurriak zehazteko eskatu du, sindikatuekin eta haur eskolekin elkarlanean. «Haur eskolen kasuan, inon baino garrantzitsuagoak dira prebentzio neurriak». Gainera, sindikatuak uste duela haur eskola bakoitzak COVID-19ak eragindako kutsadura egoera baterako kontingentzia plana zehaztuta eduki behar duela.

Ekainaren 22an irekiko direla esanda, enpresak orain arte sindikatu, langile eta familiei helarazitako informazioa ezerezean utzi duela esan dute, «kontraesankorrak» direla iritzita. Haurreskolak partzuergoak esan izan du irailera arte ez dela zerbitzurik emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.