Pasaiako kanpoko kaia ez eraikitzeko eskatu du EAk

Zazpi gune babesturi kalte egin diezaiokeela salatu du, eta Bilboko eta Baionako portuekin batera aritzeko eskatu

Erredakzioa
Donostia
2010eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Onurarik ez, eta kalte ugari ikusten dizkio EA Eusko Alkartasunak Pasaiako kanpoko kaiaren egitasmoari (Gipuzkoa). «Ekonomia eta ingurumen aldetik defendaezina da». EAk agiria kaleratu eta xeheki aztertu du Pasaiako Portu Agintaritzak Jaizkibelen magalean egin nahi duen kanpoko kaiaren proiektua. EAk uste du portuen sistema aski garatua dagoela, eta erabiltzen ez den ahala duela. Baiona, Bilbo eta Pasaiako portuek, 2008an, 50 milioi tona salgai mugitu zituzten. «Horrek esan nahi du egun duten ahalaren %50 baino gutxiago erabili zutela», EAk dioenez. Portu Agintaritzak uste du, kanpoko kaiarekin, salgaien garraioa 6 eta 11,6 milioi tona arteraino haziko litzatekeela Pasaian. Hazkunde hori ez dela esanguratsua adierazi du EAk, egin beharreko inbertsioa garestiegia dela -1.500 euro kaia egiteko soilik-, eta portuen sistema «bikoiztuko» lukeela. Hortaz, Baionako eta Bilboko portuekin «ekimen komunak» abiatzea litzateke egokiena EArentzat.

Galiziako Coruñan eta Espainiako Xixonen kanpo kaiak egin zirela, eta «porrot» egin dutela ere azaldu du EAk. Atlantikoko uretan, itsas zabalean, kaiak eraikitzeko ahalegina, «kontinente osoan», baztertua dagoela gaineratu du. Pasaiako portu berriak hartuko lituzkeen balizko salgai berriak, bestalde, Bilbo eta Baionako kaietan ja hartzen direla azaldu du alderdiak. Kanpoko kaia nabigazio bide nagusietatik aparte dagoela ere azaldu du EAk: «Horregatik jarri nahi dituzte bertan salgaiak kontsumituko dituzten plantak, portuko zereginei industriagunea erantsiz».

Bestalde, kanpoko kaiaren eraikuntzak Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dauden zazpi guneri kalte egin diezaiekeela azaldu du, baita Espainiako Ingurumen Ministerioak arrisku horretaz ohartarazi duela ere.

Pasaiako badia biziberritzeko ez dagoela kaia kanpo aldera atera beharrik uste du EAk, eta eredu mistoko kaiaren alde egiteko eskatu du, alegia hiri, kirol eta industria jarduerak izango dituen portuaren alde egiteko: «Baztertu behar da kanpoko kaia eraikitzeko proiektua, indarrak konponbide arrazoizkoetan jarriz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.