Pasaiako segadako biktimen senideak eta Azpeitiko Udala Donostiako Auzitegiaren parean bildu dira kasua berriro ez artxibatzeko eskatzeko. Ahaideek joan den otsailaren 3an jakin zuten auzia artxibatu zuela Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak. Erabaki horrekin oso mindurik agertu dira, eta uste dute kasua argitzeko "borondaterik ez" dagoela.
Han izan direnen izenean hitz egin du Pedro Mari Isart biktimaren arreba Arantxa Isartek; judizialki bide guztiak probatuko dituztela azaldu du, eta hurrengo pausoa Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea izango dela. "Emaitza positiborik" lortzen ez badute Europako Giza Eskubideen Auzitegira joateko asmoa dutela jakinarazi du. Gainera, Isartek gogorarazi du joan den urtarrilean bilera bat eskatu ziotela Eusko Jaurlaritzari, baina oraindik ez diela batzartzeko egunik jarri; "guztiz baztertuak" sentitzen direla nabarmendu du.
Elkarretaratzean izan da, besteak beste, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria; udala 2001etik dago pertsonatuta kasu honetan. Etxeberriak eskatu du "oinarrizko giza eskubideak" bete daitezela, eta egia jakiteko "eskubidea" dutela. Duela 32 urte "zer gertatu zen oraindik ez dakite", gogorarazi du alkateak.
Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistako lau kide hil zituen Pasaiako badian, tiroz, 1984ko martxoaren 22an: Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963).