biktimak

Pasaiako segadaren dokumentala egiteko diru bilketa abiatu dute

Datorren udaberrian estreinatuko dute lana, eta urte honen bukaerarako zortzi mila euro bildu nahi dituzte. Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Pasaian, tiroz, 1984an. Kasua argitu gabe dago.

'Pasaiako Badia' dokumentalaren diru bilketa kanpaina aurkezteko agerraldia, gaur, Iruñean.
2016ko azaroaren 12a
15:12
Entzun

Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Pasaiako badian (Gipuzkoa), tiroz, 1984ko martxoaren 22an —Rafael Delas Txapas (Iruñea), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, Gipuzkoa) eta Dionisio Aizpuru Kurro (Azpeitia, Gipuzkoa)—, baina kasua oraindik argitu gabe dago, sendia makina bat aldiz saiatu arren epaitegietan bidea egin dezan, eta Oinatzak Produkzioak-ek  dokumental bat egingo du. Horretarako, datorren abenduaren 21era bitartean zortzi mila euro bildu nahi dituzte, gaur Iruñean Katakrak liburutegian emandako prentsaurrekoan esan dutenez. Pasaiako segadan hildakoen senideen babesarekin, proiektuaren eta diru bilketa kanpainaren xehetasunak azaldu dituzte Oinatzak-eko Yuri Agirrek, Erik Aznalek eta Xabier Otamendik. "Dokumentala 2017ko udazkenean estreinatuko dugu. Euskal Herriko txoko guztietara nahiz nazioartera zabaldu nahi dugu".

Pasaiako Badia izango da lanaren izenburua. Paco Etxeberria auzi medikuak 113 bala zulo zenbatu zizkien lau gorpuei; aldiz, bertsio ofizialak esan zuen borroka baten ondorioz hil zirela Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak.

Agirrek prentsaurrekoan esan duenez, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohiak dokumentaleko elkarrizketan adierazi diete garai hartako gertaera “gogorrena edo gogorrenetariko bat” izan zela. Miguel Castels abokatuak “Franco hil ondorengo estatu krimenik latzena” modura deskribatu izan du.

Bi horiekin ez ezik, lau hildakoen senideekin ere egin dituzte elkarrizketak, eta Joseba Merino eta Rosa Jimeno gertaeren lekuko zuzenekin, gertaerak herritik bizi izan zituzten Pasaiako herritarrekin, Xanti Gonzalez abokatuarekin eta Enrique Villarreal DrogasBahía de Pasaia abestiaren egilearekin ere egon dira orain arte. Etxeberria auzi medikuarekin eta giza eskubideen inguruko aditu batekin ere egongo dira, eta garai hartan Espainiako Gobernuko kide zirenak elkarrizketatzen ere saiatuko dira. "Dokumental latz, gogor, intimo eta hunkigarri bat egingo dugulakoan gaude", adierazi du Otamendik.

Senideen izenean Pello Aizpuruk "eskerrak" eman dizkie dokumentala osatzen ari direnei. "Askotan, senideon gain egoten da egia, justizia eta erreparazioaren aldeko lana. Gu geure aletxoa jartzeko prest bagaude ere, uste dugu gizarte osoaren ardura dela Pasaiakoa eta antzeko kasuak argitzea. Horregatik, herritar guztiei crowdfunding kanpaina honetan ekarpena egiteko eskatu nahi diegu".   

Dokumentalaren aurrerapena:

[YouTube]https://youtu.be/dFz0iio2sbA[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.