Pastor: «Batasunak oraino ez du eten ETArekiko lotura»

PSE-EEko eledunaren arabera, ezker abertzaleak nekez parte hartu ahal izango du 2011ko bozetan

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Gauza batzuk onartu behar dira, Patxi Lopez lehendakariak egin duen moduan, eta begi bistakoa da ezker abertzalearen mundua mugitu egin dela, hainbat buruzagik egindako adierazpen publikoetan bederen, baita plazaratu dituzten testuetan ere, orain arte entzuten zirenaz besteko adierazpenak entzuten baitira orain», esan zuen atzo Jose Antonio Pastorrek, PSE-EEko bozeramaileak. Hala ere, Pastorren irudiko, ETArekiko «lotura» etetea falta zaio ezker abertzaleari, eta hori egin ezean, ez du politikan parte hartzeko aukerarik izango.

Parte-hartze horren gaineko erabakia epaileen esku dagoela gogorarazi zuen PSE-EEko eledunak Onda Vasca irratiari eginiko adierazpenetan, eta auzitegiek diotena diotela epaia denek errespetatu beharko dutela azpimarratu zuen. Haren ustez, ordea, ezker abertzalea nekez legeztatuko dute datozen udal eta foru hauteskundeetarako, «behin betiko urrats hori egitea falta zaiolako Batasunari».

Ezker abertzalean egiten ari diren urrats horiek ikusita, eta «behin betikoa» datorrenerako, «alderdien batasuna» premiazkoa dela ere esan zuen Pastorrek, joan zen larunbatean Lopezek esandakoa berretsiz.

Alderdien «batasun» hori PSE-EEren, PPren eta EAJren artekoa da harentzat, eta hiru alderdiok orain arte «diskurtso eta diagnostiko bateratua» izan dutela uste du ordezkari sozialistak: «Larunbatean lehendakariak erantzukizunerako egindako deia beharrezkoa zen. Uste dut denok zenbait amaraun eta aurreiritzi politiko kendu behar ditugula gainetik, datorrenari begira».

«Nahikoa litzateke...»

Pastorrek «ETArekiko lotura» eteteaz mintzatu zen, baina horrek zer esan nahi duen zehazteke. Zehatzago hitz egin du asteburuan Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Rafaela Romero sozialistak El Mundo egunkari espainiarrari eskainitako elkarrizketan. Harentzat, «indarkeriatik argi eta berariaz aldentzea nahikoa litzateke».

Romeroren ustez, «mundu erradikaleko gero eta jende gehiago» konbentzitua dago indarkeriak ez duela inora eramaten. «Baina prozesu hori oso mantsoa izan da; beste batzuok etxeko lan horiek duela hamarkada batzuk egin genituen».

Zuhurtasun handiz mintzo da etorkizunari begira: «Konbentzimendu kontua da; politika egiteko modu bakarra modu demokratikoa dela. Ezin dela esku batean mikrofonoa eduki eta bestean pistola. Hori azkenean ulertu dutela ematen du, baina bakea bilatu zen aurreko prozesu guztietan ETAk ezezkoa eman zuen».

Hortaz, Romero ez dago ziur ezker abertzaleak ETA konbentzituko duen armak utz ditzan bide politiko soilen mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.