Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak gaur goizean agerraldia egin du legebiltzarrean, aurrekontuei buruz hitz egiteko. Pastorrek esan du aurrekontu horiek "odolustu" egingo dutela gizartea, murrizketen "lekualdatze zuzena" delako Espainiako Gobernutik EAEra. Beraz, osoko zuzenketa aurkezteko aukerak "erreala" izaten jarraitzen duela esan du.
Pastorrek Urkulluren hitzak kritikatu ditu, esateagatik aurrekontu proiektua "gogorrena" dela, eta aldi berean "sozialena". PSEko bozeramailearen ustetan, hori "logikaren aurka" doa. Gizarte arloko 711 milioi euroren murrizketa bereziki salatu du. "Zuritzen saiatzen badira ere, aurrekontuen izaera soziala ez da inondik ageri".
Mintegi: "Badago irtenbidea"
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea ere mintzatu da aurrekontu proiektuaz. Haren ustetan, "miseria banatu" besterik ez du egiten Jaurlaritzaren proposamenak. Mintegik uste du badagoela beste alternatiba bat. "Badago irtenbidea, ez zaie soilik gastuei begiratu behar, diru sarrerei baizik", esan du.
Hori horrela, "ausart" jokatzeko deia egin dio Urkulluren gobernuari, fiskalitatearen gaineko eztabaidan esaterako, eta eskatu dio diru sarrerak handitzea ekarriko duten aldaketak bultzatzeko. Krisi egoerari erantzuna emango dioten aurrekontu "duinak" aldarrikatu ditu Mintegik.
Kazetarien galderen txandan, Mintegik ez du argitu koalizioak osoko zuzenketa aurkeztuko ote duen legebiltzarrean, edo nahiago duen zatikako zuzenketa tramitatu.
Basagoitik Urkulluri, barkamena eskatzeko deia
"Bere murrizketak ere ederrak dira", esan du Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak gaur ETB2n egin dioten elkarrizketan. Haren hitzetan, Iñigo Urkullu lehendakariak barkamena eskatu beharko luke Rajoyren murrizketak kritikatzeagatik: "PPren gobernua larrutu du denbora askoan errealista izan eta murrizketak egiteagatik, eta orain gobernura iritsi eta egin behar izan ditu hark ere".
Basagoitik gaineratu du garrantzitsua dela aurrekontuak izatea, iazkoak luzatu gabe, baina azpimarratu du aurkeztutako aurreproiektuarekin oposizio guztiak osoko zuzenketa iragarri duela. "EAJren erantzukizuna da; gerri falta izan du". Basagoitik aurrekontu horiek aldatzeko ahalegina egiteko eskatu dio lehendakariari.
Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak gaur ohartarazi du aurrekontu proiektua baztertu egingo dutela aldaketarik ez badago. Haren ustetan, aurkeztutakoak ez du balio "jarduera ekonomikoa suspertu eta enplegua sortzeko".
Maneirok ohar baten bidez azaldu du Jaurlaritzak "kontuak egokitu" besterik ez duela egin. UPDko legebiltzarkidearen iritziz, aurrekontuek ongizate estatua bermatu eta jarduera ekonomikoa bultzatu beharko lukete.
Gatzagaetxebarriak, "lehentasunak" hizpide
Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu proiektua aurkeztu eta biharamunean, Radio Euskadin elkarrizketatu dute Gatzagaetxebarria. Sailburuak azaldu du "babes soziala eta hezkuntzaren kalitatea" lehenetsi dituela gobernuak aurrekontuetan, eta erantsi du bi alor horiek uztartuta "modernizatuko" duela Jaurlaritzak EAE. Bazterketaren aurkako borrokari eta osasun arloari ere bere horretan eutsiko diotela azaldu du.
Gatzagaetxebarriaren esanetan, "herrialdea modernizatu" egingo dute "giza kapitalaren" bidez; hots, "pertsonen prestakuntzaren eta hezkuntza sistemaren kalitatea mantentzearen" bidez.
"Orain da unea babes sozialeko euskal ereduaren alde apustu egiteko eta formakuntzan inbertsioak egiteko", adierazi du.