Lasai jarraitu nahi dute Patakon gaztetxeko kideek lanean, Bilboko Uribarri auzoa «pizten», behar duen espazio soziokulturala sortzen. Matiko kalean mende erdiz utzita eta erabili gabe egon den eraikina hilaren 1ean okupatu zutenetik, mila sinaduratik gora bildu dituzte proiektuaren alde. «Zaila da Patakonen beharra ikusten ez duen auzotarrik topatzea Uribarrin», adierazi zuten atzo. Elkartasun hori adierazteko, Patakonen aldeko manifestazioan parte hartzera deitu dute. Bihar izango da, 19:30ean, Uribarriko eskoletako plazatik irtenda. «Auzoa abandonatuta egoteak beldurtzen gaitu, ez beste ezerk».
Eraikinaren jabeei «borondatea» eskatu diete, «egoera desblokeatzeko»; Bilboko Udalari, berriz, «zuhurtziaz» jardutea galdegin diote, «Uribarriko hutsune soziokulturalaren ardura handia duen heinean». Izan ere, une zailak bizi izan dituzte gaztetxekoek. Eraikinaren jabeek salaketa jarrita daukate, eta herenegun arratsean Ertzaintza sartu zen bertara, barruan zeuden hamalau lagun eta kanpoko bost identifikatzera. «Gaztetxea nahi dutenean hustu dezaketela mehatxu eginez alde egin zuten», azaldu dute. Baina auzoak «azpimarratzeko moduko erantzuna» eman du, gazteen arabera: «Eskerrik asko, auzokide, bilbotar eta gainontzeko txokoetako lagunei; emandako babesak arrazoiaren indarrarekin lanean jarraitzera bultzatzen gaitu».
Dena den, azken egunotako gertaerek komunikabideetan eragindako zurrunbilotik ateratzeko gogoa ere agertu dute gazteek: «Errespetu handia diegu lehen egunetik hedabideek egindako lanari, baina gure bidea era lokal eta intimoagoan jarraitu nahi dugu».
PP, udalarekin kritiko
Patakonen okupazioaren «erronka» dela-eta Bilboko Udalari «ezer ez egitea» leporatu dio PPk: «Onartezina da okupek besteek baino eskubide gehiago edukitzea. Jabetza pribatu bat legez kanpo okupatzeaz gain, obretan ari dira udalaren baimenik gabe». Hortaz, hilaren 28ko udalbatzarako proposamen bat aurkeztu du PPk: «Beste Kukutza bat egon dadin saihestu nahi dugu, Errekaldeko bizilagunek jasandakoa Uribarrikoek jasan ez dezaten».
Patakonen aldeko manifestazioa egingo dute bihar Uribarrin
«Zaila da Patakonen beharra ikusten ez duen auzotarrik topatzea Uribarrin», gaztetxeko ordezkarien esanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu