Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

«Patriarkatuarekiko konplizitateak» hausteko eskatu dute

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa dela eta andreen bizitzako arlo guztietan eragiten duela nabarmendu dute feministekErakundeen diskurtso «biktimizatzaileak» kritikatu dituzte, eta neurri zehatzak eskatu

Donostiako kaleetan, atzo iluntzean, genero indarkeriaren kontrako manifestazioa. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Politikariei, justizia administrazioari, indar polizialei, enpresaburuei, transnazionalei, hedabideei, elizari, osasun eta hezkuntza sistemei, eta norbanakoei patriarkatuarekin dauzkaten konplizitateak hausteko eskatu zien atzo mugimendu feministak. Emakumeen aurkako indarkeria molde guztiak desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira eginiko mobilizazioetan, bortizkeria hori egiturazkoa dela nabarmendu zuen: «Sistema patriarkalak bereari eusten dio, konplizitate askori esker, eta haustea gaitza bihurtu den puzzle bat osatu du».

Milaka lagun elkartu zen atzo Euskal Herriko zenbait txokotan indarkeria sexistaren aurka egindako protestetan. Hiriburuetan egin ziren manifestaziorik handienak, talde feministek deituta. Indarkeriak emakumeen bizitzen arlo guztietan eragiten duela gogorarazi zuten, eta mezu zuzena igorri zieten aipatutako eragileei: «Zuen bizimodua, status quo-a, ongizatea... gure esklabutza dira; badakigu hori zer den, eta ez dugu gehiago onartuko».

Erakunde publikoen lana ere kritikatu zuten feministek. Haien esanetan, instituzioek bultzatutako neurriak «ez dira aski», eta ez dute bortizkeriaren «dimentsio globala» kontuan hartzen. Diskurtso «biktimizatzaileak» erabiltzea leporatu zieten erakundeei, «indarkeria egoera zehatzak bizi dituzten emakumeak ahulago bihurtzen dituztelako».

Era berean, indarkeriaren aurkako tresnarik eraginkorrena berdintasuna dela berretsi zuten: «Inplizituki botere hierarkia bat dakarten genero roletan hezteak indarkeria dakar». Hala, bakegintzaren eraikuntzan feminismoaren diskurtsoa txertatzeko beharra aipatu zuten, «indarkeria mota ororekin amaitzeko oraindik lan asko baitago egiteko». Abenduaren 17an indarkeria sexistaren aurkako manifestazio nazionala egingo dute, Bilbon.

Sindikatuak, banatuta

Goizean erakunde publikoen eta sindikatuen txanda izan zen. Instituzioek elkarretaratzeak egin zituzten, puntu morea sinbolotzat hartuta. Sindikatuek, berriz, banatuta egin zituzten azaroaren 25eko aldarrikapenak, euskal gehiengo sindikalaren barruko tirabirak agerian utzita.

LABek hogei mobilizazio egin zituen sexu jazarpenaren kontra. Zigorgabetasuna salatu zuen Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, eta protokoloak martxan jartzeko eskatu zien patronalei, «benetan sexu jazarpenik gabeko lan mundu bat nahi badute». «Gaur adierazpenak egitea ez da nahikoa; legeek aurrekontua eta neurri zehatzak behar dituzte».

ESK-k egindako elkarretaratzean, berriz, krisiaren ondorioez kezkatuta agertu zen Isabel Castro, besteak beste, «murrizketak indarkeriaren prebentzioan eta berdintasunaren aldeko politiketan nabaritzen direlako». ELAk, aldiz, gizonen arduran zentratu zuen atzoko mezua. Jone Bengoetxeak azaldu zuenez, afiliatuentzat antolatutako hitzaldi eta antzezlanen bidez, egiturazko indarkeriaren adierazleak egunero non dauden erakutsi nahi izan dute. Ildo horretan, eguneroko «esaldi matxisten» inguruan kontzientzia hartzeko lip-dub-a grabatu zuen CCOOk Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.