Noticias eta Vocento taldeko egunkarien arabera, Patxi Baztarrika (Ataun, 1958) izango da berriz ere Eusko Jaurlaritzako HPS Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduraduna. 2005-2009an izan zen lehen aldiz kargu horretan Baztarrika, Jaurlaritzako lehendakaria Juan Jose Ibarretxe zela. Iñigo Urkulluren gobernuarekin ariko da berriro zeregin berean.
HPSko arduradun izan zenean, Euskara 21 ekimena eraman zuen aurrera. XXI. mende hasierako hizkuntza politikarako oinarriak jartzea du xede egitasmoak.
EHUko Filosofia eta Zientzietan lizentziaduna da. 1981ean Andoaingo udaletxean itzultzaile lanetan hasi zen, eta geroago euskara teknikari aritu.
Garai batean EE Euskadiko Ezkerra taldeko kidea izan zen. Egun EAJn dabil —2003-2007 legealdian, kasu, Donostiako zinegotzia izan zen—.