Patxi Gomez bera herritarrei mintzatu zaie manifestazioaren amaieran. Espetxean egonik, gutun bidez mintzatu zaie erkideei, bere alde egindako lanagatik esker ona adierazi eta konponbidearen alde lan egiteko eskatzeko. Neska-lagunak irakurri du gutuna, isil-isilik eta adi-adi zegoen plaza bete jenderen aurrean.
Ortuellako Udalari eskerrak eman dizkio presoak, atxiloketa salatu, Parot doktrina ezabatzeko eskatu eta Gernikako Akordioarekin zein Aieteko Adierazpenarekin bat egin izanagatik.
«Ortuellako herriari», askatasunaren eta bakearen alde lan egiteko eskatu dio. «Ametsa» egia bihur dadin guztien lana beharrezkoa izango dela ohartarazi, eta elkarlanerako deia egin die herritarrei; bakoitzak bere ekarpen txikia egitekoa. «Ez dira geldirik egoteko garaiak ez dakit zein aitzakia jarrita», esan die.
Gatazka behin betiko gainditzeko «aukera historikoa» dagoela esan, eta azaldu du berak, dagoen kartzelan egonda, prozesuari eskainiko dizkiola bere «militantzia eta konpromisoa». «Ez dut etsiko nire ahaleginean, eta espero dut zuek ere ez duzuela egingo. Guztion artean lortuko dugu».
Bere egoerari dagokionez, espetxerako itzulera «kinielen barruan» zegoela dio Gomezek. «Euskal Herriari hitza eta erabakitzeko eskubidea» ukatzen diotenen «mendekua» besterik ez dela dio. Eta halako neurriek erakusten dutela «eskubide guztien errespetuan oinarrituta betiko bakea ekarriko duen prozesu demokratikoari» Espainiako Estatuak dion «beldurra». Izan ere, presoaren ustez, eztabaida politikoari «benetako izua» dio, horretan «galtzaile» sentitzen delako.
Hala ere, gatazka politikoa konpontzeko aukera dagoela azaldu, eta elkarlanean konponbide politikoa aurkitzeko eskatu du.
Patxi Gomez: «Ez dira geldirik egoteko garaiak»
Edozein kartzelatan dutela ere irtenbide bila arituko dela esan, eta hala egiteko eskatu die herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu