atxiloketa

Patxi Gomez preso ohia atxilotu dute Bilbon

2009an, zigorra hamar urte luzatu zioten, eta Espainiako Poliziak atzeman du orain. Duela bi urte, Ortuellako Udalak Gomez berriro ez kartzelatzeko eskatu zuen, PSE-EEk mozioa aurkeztu ondoren. Etxerat-ek berehala aske uzteko exijitu du.

2012ko otsailaren 9a
20:14
Entzun

Espainiako Poliziak Patxi Gomez preso ohia (Ortuella, 55 urte) atxilotu du Bilbon, gaur, ustez Auzitegi Gorenak luzatutako zigor bat betetzeko. ETAren Bizkaia komandoko laguntzailea izatea egozten diote, Efe berri agentziak polizia iturriak aipatuz dioenez. 

1989an ere atzeman zuten Gomez, ustez Poliziaren auto baten aurka atentatu bat egitera zihoala. Inkomunikazio aldian egon zen bederatzi egunetan torturatu egin zutela salatu zuen. Epaiketan, ETAko kide izatea egotzi zioten, eta 30 urteko espetxe zigorra ezarri. Zigorraren bi herenak beteak zituela-eta 2002ko uztailaren 30ean aske utzi zuten, baina, handik urtebetera, 2003ko azaroaren 25ean, berriro espetxeratu zuten. Bigarren aldian espetxeratu zutenean Basaurin hiru hilabete egin zituen, baina 2004ko otsailean Dueñasera eraman zuten, harik eta 2009ko apirilaren 29an libre geratu zen arte.

2009ko abenduan, baina, Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina aplikatu eta zigorra hamar urte gehiago luzatu zioten.

2010eko urtarrilean, Gomez berriro espetxeratu ez dezaten eskatu zuen Ortuellako Udalak, aho batez. Udal Batzarrean eztabaidatutako mozioa PSE-EEk aurkeztu zuen, eta sozialistek ez ezik, EAJko eta EAko zinegotziek ere babestu zuten testua. 

Etxerat elkarteak berehala askatzeko eskatu du, zigorra beteta daukalako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.