euskal presoak

Patxi Gomez preso ohiari kartzela zigorra luzatzearen aurka azaldu da Jaurlaritza

Rodolfo Aresek esan du ez duela bat egiten 'Parot doktrina' ezarri den kasu horrekin. Patxi Lopezek uste du gaurko espetxe politika ez dela "mendekua", baina berriro adierazi du "kartzela politika inteligentea" behar dela gaur egun.

2012ko martxoaren 2a
19:02
Entzun

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua Espainiako Justiziak Patxi Gomez Lopezi kartzela zigorra luzatzearen aurka azaldu da gaur, Eusko Legebiltzarrean, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak euskal presoei zigorrak luzatzeari buruz egindako galderari erantzunez. Aresek esan du ez duela bat egiten kasu horrekin.

Gomez preso ohia joan den otsailaren 9an atzeman zuten, Auzitegi Gorenak luzatutako espetxe zigorra bete dezan. Gomezek hogei urte egin zituen preso, eta 2009an irten zen espetxetik; orain, beste hamar urterako espetxeratuko dute, Parot doktrina delakoa ezarri diotelako.

Agirrezabalak adierazi du Espainiako Gobernuak espetxe politika "mendeku" gisa erabiltzen duela.

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria ez da bat etorri EAko kidearen iritzi horrekin. Lopezek berriro esan du "espetxe politika inteligentea" ezarri behar dela egoera politiko berrian, ETAk eta "haren inguruak" "mendekua ez den politika horrekin biktimismorik egin ez dezaten". Estrategiaren aldaketa "Zuzenbide Estatuaren barruan" egin beharko litzateke, haren arabera.

Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok lehendakariak, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak "terrorismoari zilegitasuna kentzeko" zer asmo duen galdetu dionean.

Datorren ostegunean bakerako ekinaldi berriak azalduko ditu Lopezek, legebiltzarrean bertan.

Herrira mugimenduak eta beste eragile askok gaurko espetxe politika eskatzen dute. Besteak beste, presoak Euskal Herriratzeko eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak, gaixotasun larriak dituztenak eta zigorra beteta eduki arren kondena luzatu dietenak askatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.