Politika

Patxi Lopez: "Agintaldia amaitu nahi dut eta hurrengo bozetan berriro aurkeztu"

PSOE alderdiko Harreman Politikoetarako idazkari izendatu eta gero, EAEko lehendakariak jakinarazi du kargu berriak "bateragarria" izan behar duela Lehendakaritzan duen ardurarekin.

2012ko otsailaren 6a
19:06
Entzun

Patxi Lopez lehendakaria PSOEko Harreman Politikoetarako idazkari izendatu dute, Alfredo Perez Rubalcabak alderdiaren idazkaritza hartu eta gero. Horren ondotik, gaur goizean  Radio Euskadin Lopezek adierazi du agintaldia agortu nahi duela, eta hurrengo hauteskundeetan ere PSE-EEren hautagaia izan nahi duela jakinarazi du.

Kargu berriak "bateragarria" izan behar duela Lehendakaritzan duen ardurarekin. "Ez dut lehendakari izatea beste helbururik". Horrekin batera, Lehendakaritzan lanean jarraituko duela eta hurrengo hauteskunde autonomikoetara "irabazteko" aurkezteko dela gaineratu du. 

Gaur goizean Radio Euskadin emandako elkarrizketan, Euskal konstituzioaren inguruan mintzatu da Lopez, eta adierazi du "Estatutua dela Euskadiko konstituzioa". "Ez dut ukatzen hori hobetu behar denik, sendotu, baina muturrera joan gabe". Haren arabera, beti bilatu behar da euskaldunen arteko paktua, "denak 100% ados egon ez arren, denak eroso egoteko". PSEko presidente Jesus Egigurenek "euskal konstituzio propio bat" sortzea proposatu zuen.

"Ulertu behar da ezberdinak garela, pluralak ideietan, baina hori gehitu egin beharko genuke berdintasunean eta askatasunean bizitzeko", gaineratu du.

Lopezen arabera, gobernuaren lehentasuna ETA desagertzea zen, eta jarduera armatuarekin amaitzea lortu dutela azpimarratu du. "Oraindik garai hau sendotu behar dugu".

Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa dela eta azken egunetan egin diren adierazpenen inguruan ere mintzatu da Lopez. Ez du ukatu "zailtasunak" daudenik, baina haren arabera, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearen hitzak "arduragabeak" dira. "Eusko Jaurlaritzak ez du faktura bakar bat ere tiraderan", esan du Lopezek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.