politika

Patxi Lopez hautatu dute berriro PSEko idazkari nagusi, %89ko babesarekin

2002tik dago kargu horretan. Alderdiak gaur hasi du VII. Kongresua, Bilbon. Bihar amaituko da biltzarra, zuzendaritza aukeratu ondoren. PSE-EEk estatu federalaren alde egin nahi du datozen urteetan.

2013ko otsailaren 9a
19:29
Entzun

Ez da ustekaberik izan, eta berriz ere Patxi Lopez (Portugalete, 1959) aukeratu dute PSE-EEko idazkari nagusi gaur Bilbon, VII. Kongresuan. %88,95eko babesa jaso du. 2002tik dago kargu horretan Lopez; Carlos Totorika eta Rosa Diez hautagaiei irabazi zien duela 11 urteko biltzarrean. 2005ean eta 2009an gaur baino babes handixeagoa jaso zuen. 

Gaur aldeko 290 boto jaso ditu. Beste 36 botoak txurizkoak izan dira. Zuzendaritzaren txostenak, berriz, %84,5ko sostengua jaso du.

Kargua berritu osteko mintzaldi laburrean, Lopezek adierazi du ohorea dela beretzat PSEko idazkari nagusi izatea. Militante batzuek "euren ideiak defenditzeagatik" bizia galdu dutela gogoratu du, beste askok arriskuan jarri dutela bizitza, eta haiek denak ordezkatzea "gauza handia" dela aitortu du.

Zuzendaritza bihar goizean aukeratuko dute —besteak beste, presidentea—, baita PSOEko Batzorde Federalean haren sei ordezkariak zein izango diren ere.

Lopezek goizeko hitzaldian esan du PSEk estatu federalaren aldeko apustua egin behar duela datozen urteetan. Espainiako Gobernuaren "eskumen inbasioa" amaitzeko eskatu du eta erkidegoak finantzatzeko eredu bat finkatu beharraz ere mintzatu da. 

Rodolfo Ares zuzendaritzako kideak Kongresuari buruzko aurkezpenean adierazi zuenez, EAE Espainiako Estatuaren eta Europaren barruan nahi du alderdi sozialistak, "birzentralizazioak" eta "independentziaren haustura bideak" saihestuz. "Orain izan dezakegun eredurik onena sustatuko dugu: estatu federala".

PSE-EEren txosten politikoaren bizpahiru zuzenketek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren erabaki eskubidea aintzat hartzeko eskatu dute. Zuzendaritzak ez du halakorik aurreikusten.

Lopezek ustelkeria izan du beste hizpide bat; besteak beste, alderdietako kideen eta ordezkari instituzionalen kontuak jakiteko tresnak sortu behar direla esan du.

2009tik 2012ra artean hura izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Oso balorazio ona egin du gaurko hitzaldian. Uste du "Euskadiren historiako gobernurik onena" izan zela, eta euskal politika "errotik" aldatu dela euren lanari esker. Arlo sozialean murrizketarik egin ez izana ere gogoratu du.

Aresek prentsaurrekoan EAEko aurreko legealdi "historikoa" jarri zuen eredu gisa "Jarduera terroristak bukatu ziren, bake eta bizikidetza egonkortzeko oinarriak jarri ziren, zerbitzu publikoak defenditu genituen, eta hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuetan ez genuen murrizketarik egin".

Jakingarri batzuk

- Gaur hasi da PSE-EEren VII. Kongresua, goizeko hamarretan, Bilboko Euskalduna jauregian. Bihar eguerdian amaituko da.

- 393 ordezkari bildu dira.

- PSE-EEko zuzendaritzak proposatutako txosten politikoak 754 zuzenketa jaso ditu, eta antolakuntzakoak, 535. Igande goizean bozkatuko dituzte. (bi txostenak)

- Zuzendaritza bihar goizean aukeratuko dute, baita PSOEko Batzorde Federalean haren sei ordezkariak zein izango diren ere.

- Kongresua Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzaldiekin bukatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.