Katalunian azaroaren 9an herrialdearen etorkizun politikoaren inguruan egitekoak diren galdeketaz hitz egin du Patxi Lopezek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta PSOEko Ekintza Politikorako arduradunak. Catalunya Radio irratian eginiko elkarrizketa batean, ziurtatu du PSOEk Espainiako Gobernua babestuko duela "joko arauak mantentzeko eta legezkotasuna defendatzeko bada".
PPren gobernuak atzo eman zuen lehen pausoa azaroaren 9ko galdeketari bidea mozteko. Lopezek azaldu du berak ez dakiela "kartoizko hautetsontziekin egindako topaketa batek" legea urratzen duen, baina ez du uste galdeketak "Kataluniaren arazoa" konponduko duenik.
Lopezen ustez, kontsulta "ez da demokrazia adibiderik onena", gizartea zatituko duelakoan: "Inork ezin du bozkatu nire nortasunaz. Inork ezin ditu uniformatu herritarren nortasunak. Hori XIX. mendean eta diktaduran gertatzen zen. Herrialde honetan, nori galarazten zaio kataluniarra izatea?". Lopezek argudiatu du "ez dagokionari buruz erabakitzea" ez dela demokratikoa, eta, horren harira, azaldu du "orain" ez dela "zentzuzkoa" galdeketa egitea.
Lopezek gogoan izan du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak eginiko estatutu proposamena. Kataluniako gizartea "zatituta" dagoelakoan da; haren ustez, euskal gizartea Ibarretxeren garaian zegoen bezala: "Badira gai batzuk bozkatu ezin direnak. Inork ezin du gizarte bat homogeneizatu".
Lopezen adierazpenak osorik entzuteko (gaztelaniaz):