Patxi Lopezek aitortu du epaiak "euskal gizartean frustrazioa" eragin duela

"Euskal gizartearen gehiengo handi batek pentsatzen du terrorismoaren aroa bukatzen ari garela, eta uste dut egoera hau ez duela ulertzen", esan du Jaurlaritzako lehendakariak. Espainiako Gobernuak ez du baloraziorik egin nahi izan.

2011ko irailaren 16a
17:43
Entzun

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du "errespetatu eta onartu" egiten duela Bateragune auziko epaia, baina ohartarazi du "jakitun" dela erabakiak "euskal gizarteko arlo batzuetan ezustea sortu duela eta, are gehiago, frustrazioa eragin" duela, "bizi garen garaian" etorri baita Arnaldo Otegiren-eta aurkako zigorra.

"Euskal gizartearen gehiengo handi batek pentsatzen du terrorismoaren eta indarkeriaren aroa bukatzen ari garela, eta uste dut [epaiaren] egoera hau ez duela ulertzen", esan du Jaurlaritzako lehendakariak.

Oñatin egin ditu adierazpenok, gaur, Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian. 

Espainiako Gobernuak ez du baloraziorik egin nahi izan

Espainiako Gobernuak "errespetua" agertu dio Auzitegi Nazionalak gaur emandako epaiari, "eta, beraz, ez dugu baloratuko", esan du Jose Blanco gobernuko bozeramaileak.

Madrilen Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean eman duen prentsaurrekoan kazetariek galdetu diote ea epaiak eraginik izan dezaken ETAren egungo jarreran, eta Blancok horri ere ez dio heldu. "Erabaki judizialen balorazio politikorik ez du egiten gobernuak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.